Zaldibarko jaiak "arrakastatsuak" izan direla adierazi du udalak

Ekaitz Herrera 2024ko uzt. 11a, 11:53

Jaiek iraundako lau egun eta gauetan giro ona nagusitu da. Udalak herritarren parte hartzea eta eragileen arteko antolakuntza txalotu ditu.

Zaldibarko Udalak iragan berri diren jaien balantze positiboa egin du. Uztailaren 4tik 7ra ospaturiko jaietan, herritarrek 40 ekitaldirekin gozatzeko aukera izan dute, egun eta gau. Udalak ekitaldietan egondako giro ona eta errespetua nabarmendu ditu, eta eskerrak eman dizkie ekitaldiak antolatzeko auzolanean ibili diren herritarrei eta elkarteei. “Beste behin ere argi geratu da herritarren arteko auzolana ezinbesteko tresna dela jaien arrakasta bermatzeko. Zuen elkarlana gabe hau ez zatekeen posible izango. Eskerrik asko denoi. Edozelan ere, hobetu beharreko aspektu batzuk ere identifikatu ditugu. Horiek aintzat hartu eta lanean jarraituko dugu datorren urteko jaiak ere arrakastatsuak izan daitezen”, azaldu du Eneritz Azpitarte alkateak.

Une hunkigarriak

Jaietako ekintzarik jendetsuenetariko bat hasiera ekitaldia izan da. Udaletxeko plaza goraino bete zen Donien Atxa ipintzeko, Jose Luis Mendilibar omentzeko eta gaztetxeko kideen txupina ikusteko ekitaldian. Garikoitz Sarriugarte bertsolariak ezin bertso hunkigarriagoa eskaini zion futbol entrenatzaile zaldibartarrari. Zaldua Kirol Elkarteak eta udalak ere merezitako omenaldia eskaini zioten. Txupina bota aurretik, Zaldibarko dantzariek dantza-sorta ederra eskaini zieten gaztetxeko kideei.

Datorren asteburuan zer ospatu gehiago egongo da udalerrian. Uztailaren 18tik 21era ekitaldi ugari egongo da Goierri auzoko Santa Marina jaietan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!