Beragaz batera, Sani Ladan analista politikoak eta Solange R.S. Bouyane Diatta zaldibartarrak parte hartu zuten. Berbaldia Zaldibarko Jendeak elkarteak antolatu zuen.
Aktualitateari buruz galdetuta hasiko dut elkarrizketa. Zein da zure erreakzioa Europako hauteskundeetan ultraeskuinak izan duen gorakada ikusita?
Mugimendu sozialek, arrazakeriaren kontrakoak barne, hainbat lorpen egin dute azken urteotan. Eskubideak konkistatu eta irabazi dituzte. Eta orain lorpen horien kontrako erreakzio bat ikusi dugu. Beldur bat da oinarria, botere ekonomikoek eta botere kontserbadoreek agintea galtzeari dioten beldurra. Herritarren iruditegi kolektiboan, logika kultural eta sozial zehatz batzuetan oinarrituriko proiektu europar bat dago txertatuta, eta irudikapen horrek berak ezinezko egiten du proiektua eraldatu daitekeela imajinatzea. Horrenbestez, hauteskundeetan gertaturikoa Europa aldatzen dabil ideia horri erantzuteko erreakzioa izan da. Baina ez da egia Europa aldatzen dabilenik. Europa sekula ez da izan iruditegi kolektibo horretan txertatuta dagoen ideia. Ameskeria da, ez errealitatea. Beraz, hauteskundeetako emaitzak boterea galtzeko beldurraren isla dira.
Eskuin muturra instituzio publikoetako aukera politiko arrunt eta zilegi modura ikusteko joera normalizatzen dabil?
Bai, eta iruditzen zait normalizazio horren zati bat jada eginda dagoela. Orain Vox-en moduko alderdiak ditugu ahotan. Ematen du ultraeskuina politikara heldu berria dela, ezerezetik sorturiko zerbait dela, baina ez da horrela. Eskuin muturraren oinarriak hainbat prozesu politikotan egon dira. Orain gertatu dena da oinarri horiek sigla batzuen barruan instrumentalizatu direla eta instituzio publikoetan izan dezaketen ordezkaritzak beldurra eragiten digula. Hori guzti hori gizartera eramanda, kontuan hartu behar dugu aukera politiko horri babesa eman diotenak herritarrak eurak izan direla. Tabernetan, jatetxeetan, kalean, herrian, gure artean dauden herritarrak. Bestalde, normalizazio horrek zerikusi handia du gorroto eta beldur diskurtsoekin. Zure moduko eta nire moduko pertsonen pentsamendua desplazatzen dabiltza, arazoen irtenbidea hor dagoela sinetsarazteko; adibidez, immigrazioa geratu behar horretan. Eta, azkenik, asko dira konkistaturiko eskubideen alde, herritarren mugikortasun librearen alde eta bizikidetzaren alde dauden herritarrak. Baina euretariko asko besoak gurutzatuta geratu eta ez dira botoa ematera joan. Badirudi eskubide batzuk konkistatuta, dena lortua dagoela, eta ez da horrela.
"Badirudi ezkerrekoak garenok, bakearen aldekoak garenok, kontzientzia bat dugunok, ez gaudela proposamen berri bat sortzeko gaitasun nahikoagaz"
Panorama horren aurrean, arrazakeriak gora egingo duela uste duzu?
Jakina. Diskurtso horiek iruditegi faltsu bat sortzen dute. Estereotipoak sortzen dituzte, diskriminazioa. Eta berbaz esaten direnak adierazpen fisiko batera ere ailegatu daitezke. Izan ere, eskuinak instituzioetatik botatako diskurtso erreakzionarioak eraso edo diskriminazio egoera modura adierazi daitezke kalean. Legebiltzarkideren batek edo europarlamentariren batek Europaren arazoa migrazioa dela esateak, baten batek arrazalizatua den beste bat jipoitzea ekar dezake, Bilbon adibidez. Eraso hori diskurtso bati zilegitasuna eta normalizazioa ematearen ondorio da.
Alde horretatik, zeintzuk dira mugimendu antirrazistaren erronkak?
Mugimendu antirrazista ezin da ultraeskuinaren gorakadaren erantzule egin. Ezta arlo politikoan harturiko erabakiek egunerokotasunean gure herrietan, gure nazioetan, izan dezaketen eraginaren arduradun ere. Ezin dugu eskuin muturra geldiarazteko eta konfrontatzeko ardura gure gain hartu. Nire ustez, gizarte osoak du eskuin muturra geldiarazteko ardura. Alde horretatik, tresna nagusi bi behar ditugula esango nuke: balio positiboekin lotuko den iruditegi kolektibo berri bat batetik, eta eskuin muturraren aurrean proiektu berri bat garatzea era paraleloan. Baina badirudi ezkerrekoak garenok, bakearen aldekoak garenok, kontzientzia bat dugunok, ez gaudela halako proposamen bat sortzeko gaitasun nahikoagaz. Ematen du gaitasunik barik gaudela proiektua pentsatzeko, imajinatzeko eta amesteko. Hain gaude eskuin muturrak egiten duenari begira ze, ez dugula proposamen kontrajarri bat sortzeko gaitasunik. Horrek erakusten du eskuin muturra abantailaz jokatzen dabilela. Beraz, gizarte modura, goazen gizateriaren balio positiboak indartzera, eskuin muturraren proposamenak isiltzera eta gure proposamen politikoak elkartasunetik, aniztasunetik, herrialdeen arteko anaitasunetik eta kontzientzia berri batetik sortzera. Iruditzen zait mugimendu antirrazistaren erronka proiektu horretan eragitea dela.
Zeintzuk dira komunitate arrazalizatuak kalean jasan behar izaten dituen aurreiritzirik ohikoenak?
Guztiak gizarte laguntzetatik eta Gutxieneko Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzetik bizi direla pentsatzea da aurreiritzirik ohikoenetariko bat. Migratzaileei etxebizitza debalde eskaintzen zaiela, edo migratzaileek osasun sistema publikoaz abusatzen dutela pentsatzea beste bat. Ez dutela lanik egin gura, edo kalean sakelakoak ostu baino egiten ez dutela esatea. Pentsamendu negatibo horiek guztiak koloreen arabera bateratzeko joera dago. Eta hor dago pertsonen arrazalizazioa. Guztiak dira kolorea, neutroa dena, zuria, izan ezik. Kolore neutroa, zuria, zibilizatua ei da. Gainerakoak, gaizkileak. Arrazalizazioak estereotipo negatibo guztiak antolatzen ditu. Horrez gainera, bestelako jarrerak daude. Adibidez, metroan bidaiatzen doan arrazalizatutako pertsonaren ondoan jesarri gura ez izatea. Poliziagaz ere badago zer kontatu. Susmagarria izatea da zure oinarria. Baina pertsonak ez gara ilegalak. Gizartea eta bere legeak dira herritarrak ilegal egiten dituztenak.
"Gure komunitate barruan LGTB pertsonak daude, identitate ez-bitarra dutenak ere bai. Horrenbestez, ezin diogu LGTB mugimenduari bizkarrik eman"
Zenbat bider entzun duzu honako hau: "Ni ez naiz arrazista, baina..."?
Egia esan, egunero. Esaldi horrek gizarteko pentsamenduan gailentzen den logikari erantzuten dio, hiztegi zehatz baten eraikuntzari. Eta asko maite ditudan eta estimu handia diedan lagunen partetik ere entzuten ditut halakoak. Edozelan ere, azpimarratu gura dut euretariko asko barruko herentzia koloniala eta arrazista deseraikitzeko lanean dabiltzala. Gertatzen dena da hainbeste urtean eraikitako proiektuak urte gutxi batzuetan deseraikitzea gatxa izaten dela.
Musulman, aliatu feminista eta LGTB aliatu modura aurkezten duzu zeure burua. Eta inoiz esan izan duzunez, bolo-bolo dabilen beste aurreiritzi bat islama eta feminismo askatzaileak bateraezinak direla pentsatzea da.
Bai. Hiyaba janzten duten lagun askoren egoera da hori. Emakume feministak dira, baina hegemoniko modura izendatzen dugun feminismoak seinalatu eta feminista izaera kentzen diela dirudi. Nire inguruko emakume arrazalizatu askok bizi duten egoera da. Bestalde, gizonezko arrazalizatuen artean maskulinitate tailerrak lantzen ditugu, eta hor ere antzerako egoerak gertatzen dira. Gure komunitate barruan LGTB pertsonak daude, identitate ez-bitarra dutenak ere bai. Horrenbestez, ezin diogu LGTB mugimenduari bizkarrik eman, gure komunitateko kideak mugimendu horren zati ere badirelako. Hau da, arrazalizatuak garenon artikulazio politikoa ezin da arrazaren ikuspegitik bakarrik fokalizatu. Komunitate arrazalizatua osatzen duten kide guztien identitateak, generoak, gorputz adierazpenak hartu behar ditugu aintzat. Aliatu izan behar dugu, ez dago beste irtenbiderik. Eta kontua ez da horren zati bakarrik garela, hori ere bagarela baino.
"Herritarrengan inpaktu positiboa, baikorra, lortzen duten proiektu solidarioak garatuta, kanpotik datozen aurreiritziei aurre egiteko babesa lortuko dugu"
Gizartean eta instituzio publikoetan ohikoak dira "kultur aniztasuna" era baikor batean aurkezteko mezuak. Praktikan ere halantxik da?
Iruditzen zait instituzioek, orokorrean, horrelako terminoak instrumentalizatu egiten dituztela. Baina ezin da kultur aniztasunari buruz berba egin gero egiazko integrazio bat lantzeko programa bat martxan ipintzen ez bada. Adibidez, integrazio linguistikoari loturikoa. Migratzaileek euskaragaz hartu-eman zuzena izan behar dute etorri berritan. Euskal gizarteko zati barik, migratzaile asko euskal herritar sentitzen dira, eta, horrenbestez, herritar horiek programa linguistiko bat behar dute. Zelan gura dugu integrazio erreal bat garatu, gero kulturari dagozkion elementu guztiak, hizkuntza buru dela, txertatzen ez baditugu? Bestalde, instituzioek berba politak adierazteko erabiltzen dute kultur aniztasuna. Horren atzean asimilazio proiektu bat dago. Badirudi atzean utzi dugula bizikidetza, gainditu dugula integrazioa eta denok parte hartzen dugula maila berean, baina kontua da ez dugula denok berdin parte hartzen. Adaptazio eta inklusio politikak behar ditugu.
Parean dauden erronkak ez dira gutxi. Nondik hasi eragiten?
Ez nuke jakingo nondik hasi. Baina argi dut proiektu erraldoietan, Europan, pentsatzen ibili barik, maila lokalean eragiten hasi behar dugula. Azken finean, horixe delako gertuen duguna eta gertutasuna ematen diguna: gure komunitatea, gure herrikideen elkartasuna. Bizilagunen arteko mugimenduak artikulatzea, adibidez, tresna eraginkorra izan daitekeelakoan nago. Zerbaiten parte sentitze hori, auzo bateko zein herri bateko parte izate hori, funtsezkoa da. Eremu horretako herritarrengan inpaktu positiboa, baikorra, lortzen duten proiektu solidarioak garatuta, kanpotik datozen aurreiritziei aurre egiteko babesa lortuko dugu. Europako arazoek gure auzoetan dute isla, baina auzoan elkartasunez eta inor salbuetsi barik antolatzen bagara, borrokarako tresna eraginkorra lortuko dugu.