Domekan Euskal Inertzia Kopako proba puntuagarria jokatuko da Zaldibarren. Euskal Herriko hainbat bazterretatik ailegaturiko goitibeherak Goierri auzotik beherako aldatsetan lehiatuko dira, Solozabal baserrirainoko bidea eginda. Lehiakideek 800 metroko jaitsiera biziari eta hainbat bihurguneri egin beharko diete aurre (jaitsiera errekorra 55 segundoan dago). Proban "goitibeheren aniztasuna" ikusi ahal izango dela aurreratu du Eneko Iraetak, Zaldibarko Aldatsa goitibehera taldeko kideak. Adibidez grabity bike, street luge, goitibehera europearrak, neumatikoak, errodamenduzkoak, speed trike, edo 4 palos erakoak. "Ibilgailu ikusgarriak izango dira batzuk" eta "errodamendudun klasikoak" beste hainbat.
Iazko parte hartzeari eutsita, guztira 38 bat goitibeherak parte hartuko dute. Tartean, etxekoek. Aldatsa taldeko 5 partaide lehiatuko dira bertan: Mikel Urizar eta Lier Baro goitibera neumatikoarekin (junior mailan), Oier Letamendia street luge ibilgailuarekin, Joseba Herreros goitibera europearrarekin eta Eneko Iraeta bera kategoria librean. Parte hartzaileen artean, Herrialde Katalanetako Castello probintziako talde bat ere egongo da. "Goitibeherak puri-purian egon ziren 90eko hamarkadan. Gerora geldialdi bat izan zuten, eta azkenaldian badirudi loraldi berri bat izaten ari direla", azaldu du Iraetak. Probak 16:00etan hasiko dira. Lehenengo jeitsiera entrenamenduzkoa izango da, bigarrena eta hirugarrena, berriz, ofizialak. Sariei dagokienez, bertoko produktuak banatuko dituzte.