Zaldibar-Palestina dinamikak Gazara bideratuko du joan zen ekainaren 1eko jaialdi solidarioan baturiko dirua. Herritarrek prestaturiko pasta arabiarrak, pintxoak, txapak eta banderolak salduta 1.218 euro batzea lortu zuten. Eta orain, Palestinara bidean ipiniko dituzte diruok. "Gurea Gernika-Palestina herri ekimenaren barruko dinamika da. Han gertatzen dabilena ikusarazteko eta ekarpen ekonomikoak batzeko lan egiten dugu. Baturiko dirua Gernika-Palestinara bideratuko dugu, azken honek Gazan bertan lan egiten duen Gobernuz Kanpoko Erakunde bati helarazi diezaion", azaldu du dinamikako kide den Idoia Marin zaldibartarrak.
Emakumeen elkarlana
Ekainaren 1eko jaialdian eguraldiak lagundu ez bazuen ere, jardunaldia "arrakastatsua" izan zela azpimarratu du Marinek. Gainera, aipamen berezia egin dio jaialdiaren bezperetako egunetan herriko hainbat emakumek antolatutako topaketari. "Arratsalde batean atzerritik Zaldibarrera bizitzera etorri diren hainbat emakumerekin batu ginen herriko elkarte gastronomiko batean, pasta arabiarrak elkarlanean kozinatzeko. Besteak beste marokoarrak eta sahararrak egon ziren horien artean. Eurek proposaturiko ideia izan zen, eta euren jatorrizko errezetak partekatuta kozinatu genituen pasta arabiarrak", azaldu du Idoia Marinek. 2.000 bat pasta egin zituzten, eta ekainaren 1eko azoka solidarioan 150 bat dozena (1.800) saldu zituzten.