Atzoko Zaldibarren egindako osoko bilkuran udalbatza berritu zuten. Ordezkari politiko berri bi batu dira bertara: Nerea Urizar (EH Bildu) eta Marian Trejo (EAJ). Lehenengoak, orain arte karguan egondako Mikel Zabala alderdikidea ordezkatuko du aurrerantzean. Bigarrenak, berriz, joan zen martxoan zendutako Jabier Sampedro zinegotziaren lekua hartu du. Nerea Urizar Zaldibarko herri mugimendua osatzen duten eragileen artean ibilitakoa da. Honako hau izango du lehenengo aldia zinegotzi modura. Marian Trejorentzat, berriz, kargua ez da berria. Lehenik ere zinegotzi izandakoa da.
Bi ordenantza berri
Atzoko osoko bilkuran hasierako onarpena eman zieten ordenantza berri biri. Terrazen erabilera arautzeari buruzko testua da bata, eta Olazar azpiko rokodromoaren erabilera arautuko duena, bestea. Terrazen ordenantzak herriko zazpi establezimenduri eragingo die. Ostalariek eta udal ordezkariek bilerak mantendu dituzte, terrazak handitzeko aukerak bilatzeko helburuz. Rokodromoari dagokionez, eremua arautzeko oinarriak ezarri dituzte.
Ordenantza biei hasierako onarpena eman zaienez, herritarrek 30 eguneko epea izango dute ekarpenak edo alegazioak egiteko. Behin epe hori igarota, araudi berria indarrean sartzea aurreikusi du gobernu taldeak. “Gure herriko zerbitzuak hobetzea helburu duten ordenantza berri bi dira. Behar-beharrezkoak, gure ostalariei bidean aurrera egiten laguntzeko, eta eskalada praktikatu gura duten kirolariei behar bezalako aukera bat eskaintzeko”, adierazi zuen Eneritz Azpitarte alkateak. Era berean, Azpitartek ongietorria egin zien udalbatzara baturiko kide biei. “Lankidetzan, jarraitu dezagun Zaldibar hobetzen”, esan zuen.