Elexpe-Sanjuangoan kultur etxea egiteko prozesua hasiko du Zaldibarko Udalak

Anboto 2024ko mai. 24a, 10:31

Sanjuangoa baserriaren gaur egungo egoera.

Gobernu taldeko kideek bilera informatibo bat egingo dute azpiegitura berriari buruzko xehetasunak emateko. Batzarra maiatzaren 28an izango da, Liburutegi Zaharrean, 18:30ean. Horrez gainera, proiektua azaltzeko erakusketak egingo dituzte herriko kaleetan.

Zaldibarko Udalak Alde Zaharrean kultur etxe bat egiteko prozesua ipiniko du martxan. "Udalerriarentzako proiektu garrantzitsu eta estrategikoa denez, gobernu taldeak apurka-apurka eta pausoz pauso" egin gura du. Hori dela eta, herritarrak azpiegitura berriaz informatzea izango da egingo duten lehenengo geralekua. Gobernu taldeko kideek azpiegitura berriari buruzko xehetasunak eskainiko dituzte bilera informatibo batean. Batzarra maiatzaren 28an egingo da Liburutegi Zaharrean, 18:30ean. Horretaz gain, proiektuaren nondik norakoak jasotzen dituen erakusketa ipiniko dute herriko kaleetan. Gobernu taldeko kideak erakusketa horietan egongo dira bizilagunei proiektuaren berri zuzenean ematen. Erakusketako egunak, orduak eta lekuak honako hauek dira:

  • Maiatzaren 31n, 16:30ean, udal plazan.
  • Maiatzaren 31n, 18:00etan, Artiako lur azpiko pasabidearen ondoan.
  • Ekainaren 1ean, 11:00etan, San Andreseko parkean.
  • Ekainaren 1ean, 12:30ean, Zaldua plazan.

Zaldibarrek behar duen kultur etxea

Gobernu taldeak "lehentasuntzat" jo du Alde Zaharreko Elexpe eta Sanjuangoa etxeetan kultur etxe bat atontzea. "Modu horretan, udalerriak orain arte izan ez duen azpiegitura multifuntzionala izango du. Izan ere, kultur zerbitzuak eskaintzeaz aparte, azpiegitura berriak askotariko beste hainbat jarduera egiteko ere balioko du. Eraikinean atonduko diren aretoak eta erabilera anitzeko gelak zerbitzu multifuntzionala eskainiko diete herritarrei. Gainera, honek guztiak herriarentzat berebizikoa den beste onura bat ekarriko du: Alde Zaharra biziberritzea, eta bide batez, bertako ondarea berreskuratzea. Izan ere, Elexpe eta Sanjuangoa udalarenak diren arren, eraikinean ez da mantentze lanik urteetan egin, eta horrek eraikina hondatzea eragin du", adierazi du udalak ohar batean.

Eneritz Azpitarte alkateak herritarrak deitu ditu maiatzaren 28an egitekoa den bilera informatiboan parte hartzera. “Udalerriarentzat berebizikoa den proiektu baten aurrean gaude. Sanjuangoako proiektuari eskerrak, Zaldibarrek orain arte izan ez duen kultur etxea izango du laster, erabilera anitzeko beste hainbat egitasmo egiteko ere balioko duena. Gainera, proiektu honek Alde Zaharra biziberritzeko eta ondarea berreskuratzeko aukera paregabea eskaintzen digu. Honen guztiaren garrantziaz jabetuta, beharrezkoak diren informazio eta ezaugarri guztiak partekatuko ditugu herritarrekin, bidea pausoka eta elkarrekin egiteko”, adierazi du alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!