Zaldibarko Udalak azterlan bat eskatu du Aranoaren margolanen kontserbazio egoera ebaluatzeko

Anboto 2024ko mai. 10a, 15:13

Udalak azaldu duenez, "urteetako mantenu faltaren ondorioz", ospitaleko kaperan dauden margolanen egoera "kaltetzen joan da". Eneritz Azpitarte alkatea Aldundiko teknikariekin batu da gaur kaperan bertan. Azken honek margolanen egoerari buruzko txostena egingo du.

Zaldibarko Udalak pauso berri bat eman du herriko ondarea babesteko norabidean. Eneritz Azpitarte alkatea ospitale psikiatrikoko kaperan izan da goiz honetan, bertako freskoen egoera gainbegiratzen. Alkatearekin batera Bizkaiko Foru Aldundiko hiru teknikari eta praktiketan dabiltzan bi arte ikasle izan dira. Bertaratzearen arrazoia honako hau da: Juan de Aranoak kapera neorromanikoan margotu zituen freskoen kontserbazio egoera bertatik bertara ezagutzea. Hemendik aurrera, Bizkaiko Foru Aldundiak bere gain hartuko du margolanen egoera ebaluatuko duen txostena egiteko ardura, Zaldibarko Udalaren eskariz.

Udalak ohar bidez esan duenez, "urteetako mantenu faltaren ondorioz, margolanen egoera kaltetzen joan da". Eta "sarritan, pinturen arrastoak topatu izan dira kaperako zoruan. Pelikula piktorikoaren zatiak batzuetan, eta horma irudien kaltetzeagatiko hautsa beste hainbatetan. Gainera, kaperako estalkiak hainbat hezetasun arazo izan ditu hamarkadetan zehar", azaldu dute.

“Gobernu talde honentzat lehentasunezkoa da herriko ondarea zaintzea eta berreskuratzea. Kaperako margolanekin bide horretan sakonduko dugu, hain zuzen ere. Horregatik, gaur Foru Aldundiarekin hasitako lankidetza bezalatsu, gure esku dauden tresna guztiak eskainiko ditugu margolanok zaintzeko eskuduntza duen instituzio publikoari, Eusko Jaurlaritzari, bidea errazteko”, azaldu du Eneritz Azpitarte alkateak.

XX. mendeko lehen hamarkadetan ondutako lana

Juan de Aranoa Carredano margolaria Bilbon jaio zen 1901ean. Ikasketak Bizkaiko hiriburuko Arte eta Lanbide Eskolan egin ondoren, Parisen eta Italian garatu zuen artearen inguruko jakintza. 1928an ekin zion Zaldibarko ospitaleko kaperako margolanak egiteari. 1930ean bukatu zituen horma irudiak. Horietan Amabirjinari buruzko eszenak, Kristoren haurtzaroa eta bere Pasioa irudikatu zituen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!