[BIDEOA]: Donibane Lohizuneko hilketa matxista salatu dute Zaldibarren

Ekaitz Herrera 2024ko mai. 7a, 20:41

"Kasu hau bezalakoekin argi geratzen da egungo justizia ereduak ez duela funtzionatzen", adierazi du Zaldibarko mugimendu feministak. "Indarkeria matxista lehen mailako arazo politikotzat hartzea" eskatu eta autodefentsa feministarako deia egin dute.

Donibane Lohizuneko hilketa matxistak eragindako ezinegona Durangaldera iritsi da gaur. Arratsalde honetan, Zaldibarko herritar talde batek kalera irten du protestara. Udal plazan batu dira herritarrak, Dominika Talde Feministak eta udalak egindako deialdiari erantzunez. "Behin eta berriro exijitzen dugu indarkeria matxista kasuen aurrean epaileek iragazki bereziki zehatzak izan behar dituztela, eta biktimak ezin dituztela babes babes gabe utzi. Are gehiago halako kasuetan, non biktimaren bizitza argi eta garbi arriskuan egon den", adierazi dute elkarretaratzearen amaieran.

Mugimendu feministaren berbek oinarri ezin sendoagoa dute. Izan ere, Donibane Lohizuneko hilketa maiatzaren 3an gertatu bazen ere, haren aurrekariak aste batzuk lehenago jakin ziren, biktimak Ziburuko hotel bateko bosgarren solairutik salto egin edo bere burua bota zuenean. 34 urteko emakumea larri ospitaleratu zuten,  maiatzaren 1ean erietxetik desagertu zen arte. Emakumearen gorpua Donibane Lohizuneko Paris hotelean topatu zuten. Frantziako poliziak bikotekidea atxilo hartua du. "Kasu hau bezalakoekin argi geratzen da egungo justizia ereduak ez duela funtzionatzen", adierazi du Zaldibarko mugimendu feministak. "Indarkeria matxista lehen mailako arazo politikotzat hartzea" eskatu eta autodefentsa feministarako deia egin dute.

Bihar Durangon

Gaur Zaldibarren irten duten eran, bihar Durangon egingo dute protesta publikoa. Mugimendu feministak deituta, elkarretaratzea egingo dute 19:00etan, udal plazan.

Donibane Lohizunekoa urtea hasi zenetik hona Euskal Herrian indarkeria matxisgatik hil duten lehenengo emakumea da. Eta 119. emakumea, 2003an hilketa matxistak erregistratzen hasi zirenetik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!