Liburuaren Nazioarteko Egunagaz bat eginda, Zaldibarko Udal Liburutegiak egitasmo berezi bat ipini du martxan. Liburuak mailegatzeko toki bat ipini du N-634 errepidearen ondo-ondoan dagoen garai bateko telefono kabinan. Egitasmoaren helburuak bi dira: herritarrei liburuak gerturatuta irakurzaletasuna sustatzea batetik, eta urteetan erabilera barik egon den azpiegiturari bigarren erabilera bat ematea, bestetik.
Kabinak erabilera egoki bat izan dezan, Udal Liburutegiak hainbat argibide eman ditu:
- Telefono kabinan eskuragarri ipiniko diren liburuak Zaldibarko Udal Liburutegikoak dira. Herritarrek momentuan irakurri edo etxera eraman ahalko dituzte, beti ere, gero, kabinara bueltatzeko konpromisoagaz.
- Liburutegi-kabinan ez da nork bere etxetik eramandako libururik utzi behar. Udal Liburutegia bakarrik arduratuko da bertan liburuak ipintzeaz.
- Kabina irakurzaletasuna eta kaleko materialaren berrerabilera sustatzeko egitasmoa da. Bertako materiala zaldibartar guztiena denez, liburuak errespetatzera deitu du Udal Liburutegiak.