Auzokideak eta Zaldibarko Udala batzartu egin dira, Eitzagan egin beharreko hobekuntzak ezagutzeko

Jone Guenetxea 2024ko mar. 14a, 12:53
Eneritz Azpitarte alkatea Eitzagako auzokideekin martitzenean eginiko batzarrean.

Zaldibarko Udala Eitzagako bizilagunekin bildu zen martitzenean, auzokideen kezkak ezagutzeko. Prentsa oharrean azaldu dutenez, zabortegiaren inguruko informazioa partekatu zuten eta auzokideek gai honen inguruan zituzten kezken inguruan berba egin zuten.

Auzorako hobekuntzak
Bizilagunek auzoan egin beharreko hobekuntzak mahaigaineratu zituzten. Eitzagako bidean dabiltzan ibilgailuen abiaduragaz kezkatuta daudela azaldu zuten, eta arazoari konponbidea bilatzeko eskatu zioten udalari.

Beste eskaeretariko bat auzoko plazan hobekuntzak egitea izan zen. Zaldibarko Udalak auzokideen eskaerak kontuan hartuko dituela azaldu du arlo horietan hobekuntzak egiteko. Udalak gogoratu duenez, 2024ko aurrekontuetan 40.000 euroko diru atala aurreikusi zuen Eitzagarako. “Eitzagako auzokideek asko sufritu dute zabortegiaren inguruan gertaturiko denagaz. Horregaitik, 40.000 euroko diru atala aurreikusi genuen auzoan hobekuntzak egin ahal izateko. Behin auzokideekin bilduta, zein proiektu martxan ipini erabakiko dugu”, azaldu du Eneritz Azpitarte alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!