Eta halako batean, hamahiru urteko isilunea apurtu duzue.
2011an eman genuen bukatutzat Disordersen ibilbidea. Urte hartako urriaren 1ean eskaini genuen azken kontzertua, gaztetxeak antolaturiko jaialdi batean, Olazarko futbol zelai zaharrean. Eta oraingoan ere leku horretan bertan joko dugu. Eten honetan zehar behin baino ez gara batu. Ibon Urizar Tibur gure txalapartaria omentzeko izan zen. 2018an hil zen, eta taldea atzera ere batu zen omenaldi kontzertua eskaintzeko. 2019ko maiatzaren 1ean izan zen, bere urtebetetze egunean. Ordutik hona isilik egon gara, oraingo zapatu honetara arte.
Zapatukoa Disordersen itzulera da ala kontzertu puntual bat baino ez da?
Itzulera hau Zaldibarko gaztetxeak 20 urte betetzen dituelako da. Orain 20 urte, gaur egungo gaztetxearen inaugurazio ekitaldian ere jo genuen. Gaztetxe zaharrean, Katu Etxe deiturikoan ere, jo genituen kontzertu batzuk. Egia esan, Zaldibarko gaztetxeagaz lotura estua eta polita izan dugu beti, gu geu ere gazte taldeko partaideak izan gara-eta. Urteurren jaialdian parte hartzeko aukera eskaini ziguten, eta aukera interesgarria zela ikusi genuen. Zapatuan egurra emateko prest irtengo dugu eszenatokira. Dena den, kontzertu puntuala izango da. Ez dugu jotzen jarraitzeko asmorik. Jaialdi berezia da guretzat eta ingurukoentzat.
Urte hauek guztiak eta gero zelakoa izan da taldea batzeko, instrumentuak hartzeko prozesua?
Denbora asko igaro da azkenengoz elkarrekin musika egin genuenetik. Tiburren omenaldia kenduta, hamahiru urte. Eta egia esan oso itzulera polita izaten dabil. Ospakizun berezi honetarako bueltatzen garela jakinda, gozatzen gabiltza. Pentsa! Hogei urte baino gutxiago ditugula dirudi! Taldekide gehienak aktibo ibili gara. Gorrotxa Star Drinkers taldean. Iban, bere kabuz. Toño eta biok The Wilsons taldean. Iñigo beti batean edo bestean kolaborazioak egiten. Modu batera edo bestera aktibo ibili gara, eta hori lagungarri izan zaigu. Dena dela, Disorders zelako kañeroa zen ere konturatu gara entseguak egiterakoan. Erritmo bizia genuen! Baina azken hiru hilabeteetako entsegu lanak ederrak izan dira. Batzea, elkarrekin hartu emanetan egotea, elkarrekin bazkaltzea, entseguetako garagardoak, ostekoak... oso pozik eta oso motibatuta egon gara entseguetan.
Zelakoa izango da gaztetxearen 20. urteurreneko kontzertua?
Polita, potentea izatea gura dugu. Jendeak ondo pasatzea, guk ere disfrutatzea gura dugu. Urduritasunak albo batera utzi eta gozatu egin gura dugu. Gure kantuen bilduma bat osatu dugu, guri gustatu eta jendeari gustatuko zaiona. Sorpresaren bat ere egongo da. Edozelan ere, egun osoko jai polit bat izango da.
Zer ekarpen egin dio Disordersek Zaldibarri eta eskualdeko punk musikari?
Hori zaldibartarrei galdetu beharko litzaiekeela uste dut. Gu ahalegindu gara gu garena, gure ingurua den hori islatzen. Bai Zaldibarren eta baita inguruko herrietan ere. Disorders ez ginen eta ez gara eszenatokiko bostak edo zazpirak bakarrik, inguruko lagunak eta jendea gara. Zer ekarpen egin diogun Durangaldeari? Aktibo egon ginen urteetan jendeari ondo pasatzeko tarte bat eskaini geniola esango nuke. Letretako kritikak eta mezuak iritsi beharreko lekuetara iristea lortu bagenuen, beharbada gu entzuten gintuzten horiei etorkizun hobe batean eragiteko ideia bat eman genien. 90eko hamarkadako punka jaso eta 70eko eta 80ko hamarkadetako eragina izan genuen. Eta eraginik sortu badugu, izan dadila onerako.
NOSTALGIARAKO ARGAZKI BI
Argazki zaharrak ikusita Aitor Mendilibarrek nostalgia sentitzen du. “Nostalgia handia eta ona”. “Martxan egon ginen hamar urteetan oso ondo pasa genuen. Oso oroitzapen onak ditugu”. Beheko argazkiok dira horren erakusle.
Azpeitiako gaztetxea (2007ko uztailaren 14a)
Honako hau Azpeitiko gaztetxean emandako kontzertu bat da. “Gogoan dut egundoko jai giroa sortu genuela. Skacha talde galiziarrarekin jo genuen. Guk jo genuen haiek taularatu baino lehen. Kriston jaia izan zen. Kontzertua bukatuta Skachako baxu jotzailea gerturatu zen gu agurtzera. Giroa gori-gori ipini duzue! Orain zer demontre egin behar dugu guk? Komentatu zigun. Garai hartan autobusak alokatuta joaten ginen kontzertuetara. Batzuetan autobus bat, batzuetan bi. Eta sarri, gure lagunek bengalak eramaten zituzten. Eta bai, bistakoa denez, han baziren!, dio Mendilibarrek.
Zaldibarko gaztetxean eskainitako kontzertu bat. Hastapenak (Data ezezaguna)
"Honako hau Zaldibarko gaur egungo gaztetxean emandako kontzertua da. Ez dagokio Disordersen lehenengo kontzertuari. Bigarrena ez bada, hirugarrena-edo izango da. Garai hartan hasi ginen orain garen hori izaten. Gaztetxe munduan ibiltzen, herri mugimenduan egoten. Hor hasi ginen kalekume izaten", azaldu du Mendilibarrek.