Zaldibarko udalbatzak aho batez babestu ditu Palestinaren subiranotasuna eta lurralde osotasuna

Anboto 2024ko mar. 1a, 15:39

Horrez gainera, Palestinatik "erabat" erretiratzeko eskaria egin diote Israelgo armadari. Elkartasun keinu gisa, Palestinako bandera zintzilikatu dute Zaldibarko udaletxean.

Palestinarrekiko elkartasun keinuek Zaldibarko osoko bilkuren aretoa hartu zuten atzo iluntzean. Udalbatzan ordezkaritza daukaten politikariek hamahiru puntuko adierazpena onartu zuten aho batez. Zinegotziek "irmotasun osoz" arbuiatu zituzten Israel Gazako zerrendan eta oro har Palestinako beste lurretan egiten dabilen ekintza militarrak. Erasoak "berehala" gelditzeko, eta Palestinatik "erabat" erretiratzeko eskatu zioten Israelo armadari. Eta era berean, "Palestinaren subiranotasunerako eskubide osoa eta lurralde-osotasuna" babestu zituzten.

Bestalde, ordezkari politikoak bat etorri ziren Israel ekonomikoki boikoteatzeko egitasmoekin. Udalak "Israelgo jatorria duten produktu edota kontrataziorik" ez egiteko erabakia hartu zuen, "zigor modura". Eta laguntza humanitarioari dagokionez, lurralde okupatutik ihes egitera beharturiko errefuxiatuentzako "espazioak eskaintzeko konpromisoa", eta Larrialdi Humanitariorako dirulaguntza bat onartzea adostu zuten. Azken hau "Palestinara modu seguruan helduko dela bermatu daitekeen unean" aktibatuko dute.

Atzotik, Palestinako bandera ikusgai dago Zaldibarko udaletxean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!