"Gaur egun Gaztetxeak aisialdi alternatibo bat proposatzen du"

Aitor Ruiz 2024ko ots. 26a, 08:30
Asier Mochales eta Irune Prada.

Zaldibarko gaztetxeak 20. urteurrena ospatuko du martxoaren 9an. Irune Prada eta Asier Mochales gaztetxearen historiaren parte dira eta 20 urtean egindakoa azaldu dute.

Zelan sortu zen gaztetxea?
Asier Mochales: Hasieran, okupatutako katuetxe gaztetxea egon zen. Eraikina oso txarto zegoen eta udalak eta jabeak etxeak egin gura zituzten lursail horretan. Jabeak salaketak ipini zituen eta indentifikazioak eta multak egon ziren. 2001 eta 2003 artean udalagaz negoziazioak egon ziren lokal bat uzteko. Gure exijentzia bakarra autogestioa mantentzea izan zen, baldintzarik eta ordutegirik barik. Eskatzen genuena onartu zuten eta 2003ko irailean sartu ginen hona. 

Zer helburu eta zer berezitasun ditu gaztetxeak?
Irune Prada: Nire ustez, berezitasunik handiena da herrian dagoen gazteen elkargune bakarrenetarikoa dela. Gainera, jende gaztea eta ez hain gaztea biltzen ditu, eta urtean zehar hainbat ekintza egiten da.

20 urte hauetan, zelakoa izan da gazteen inplikazioa?
A.M.: Lehen jende gehiago batzen zen gazteetxeetan, eta bileretan ere jende gehiagok parte hartzen zuen. Horrez gainera, gazteria sakabanatu egin dela uste dut; batzuk gaztetxeagaz konprometituta daude, eta beste batzuk, ostera, euren gauzekin daude eta gutxiago parte hartzen dute.
I.P.: Ados nago Asierrek esan duenagaz, baina Zaldibarren ekintzak antolatzen ditugunean, herriaren eta gazteen parte hartzea igartzen da. Orokorrean, bileretan igartzen da beherakada.

Herrian zer eragin izan du orain arte eta zer eragin du gaur egun?
A.M.: Gaztetxera etorri baino lehenago, askok ez genuen elkar ezagutzen. Hainbat kuadrilla geunden, eta katuetxen egon ginenean eta hona etorri ginenean, kuadrillak batzen hasi ginen. Bestalde, gure garaian, kontzertuak, antzerkiak eta hainbat motatako tailerrak antolatzen genituen, eta txosnagunea sustatu genuen. San Andres jaiak hiltzeko zorian zeuden eta geuk indartu genituen; orain oso garrantzitsuak dira.
I.P.: Proiektu desberdinak sustatu dira gaztetxetik, 2015ean Barrura, adibidez. Etxebizitzen ildoa lantzen zuen eta martxan izan zen denbora batez. Gaur egun, gaztetxeak aisialdi alternatibo bat proposatzen du eta herrian eskaintza kulturalak antolatu ditugu.

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!