Palestinaren aldeko elkarretaratzea egin dute Zaldibarren

Anboto 2024ko ots. 8a, 12:00

60 lagun inguru batu ziren Zaldibarren palestinarrei elkartasuna adierazi eta "Israelgo estatua egiten ari den genozidioa" salatzeko. Gernika - Palestina ekimena martxan jarri dute Zaldibarren; otsailaren 14an herri batzarrera deitu dute, 18:30ean, liburutegi zaharrean. 

Atzoko mobilizazioan, azken lau hilabeteetan Israelgo armadak 25.000 pertsonatik gora hil dituela salatu zuten; horrez gainera, gosetea eta muturreko krisi humanitarioa eragitea ere egotzi zioten Israeli. "Ezin gara genozidio baten aurrean geldi geratu, Euskal Herritik eta Zaldibartik ere erantzun behar diogu basakeria honi. Horregatik, azken asteetan, Gernika - Palestina herri ekimenaren deialdiari erantzunz, hainbat zaldibartar elkartu gara Palestinar herriarekin elkartasun aktiboa antolatzeko eta Israelgo estatua palestinar herriaren kontra egiten ari den genozidioa salatuz Zaldibarren ere dinamika bat martxan jartzeko", adierazi dute elkarretaratzearen amaieran irakurritako oharrean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!