Gazteentzako psikobonuak banatzea erabaki dute Zaldibarko aurrekontu parte-hartzaileetan

Aritz Maldonado 2024ko urt. 11a, 15:25

Abenduaren 19ko herri batzarrean erabaki zuten 25 proposamenetatik zeintzuk gauzatuko diren.

Zaldibarko herritarrek aurrekontu parte hartzaileen bitartez egingo diren lau proiektuak aukeratu dituzte. Jasoriko proposamen bideragarrien artean, egingo diren laurak erabaki dituzte zaldibartarrek. Hauek izan dira botorik gehien jaso duten proiektuak: Kurutzezar eta Solonagusiako etxebizitzetatik haur eskolarako bidea seguru egitea (59 boto), Olazar merenderoko mahaietan aterpea ipintzea (42 boto), gazteentzako psikobonuak banatzea (42 boto), eta udaletxeko plazan jesarleku gehiago ipintzea (38 boto). "Guretzat oso garrantzitsua da herritarrek aurrekontuetan erabakitzeko eskubidea izatea", azaldu du Eneritz Azpitarte Zaldibarko alkateak. Iazko abenduaren 19an eginiko herri batzarrean aukeratu zituzten lau proiektu hauek. Zaldibarko Udalak 25 proposamen jaso zituen guztira. Udalak 200.000 euro ipiniko ditu proiektu horiek egiteko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!