'Hondamendia' obraren azken emanaldia Zaldibarren egingo dute, Eitzagako ezbeharra gogoan

Anboto 2023ko abe. 27a, 10:30

Antzezlana frontoian jokatuko dute, abenduaren 29an, 19:00etan. Zaldibar Argituk bertara joatera deitu du. 

Zaldibarren, zabortegia jausi zen udalerrian bertan taularatuko dute tragedia hartan gertaturikoa oinarri duen antzezlana. Antzerki birako azken emanaldia izango da, sinbolismoa eta hunkidura batuko dituena. Artedrama eta Axut antzerki konpainiek iazko urrian estreinatu zuten Hondamendia obra, eta ordutik hona geratu barik ibili dira Euskal Herriko zazpi lurraldeetan zein atzerrian obra taularatzen. Zaldibarren egingo dute azken eszenaratzea, Eitzagako zabortegia zegoen lekutik gertu-gertu. Emanaldia abenduaren 29an egingo dute, Olazarko frontoian. 19:00etan hasiko da eta debaldekoa izango da.

 "Esker ona"
Zaldibar Argitu plataformak antzezlana ikustera joatera deitu ditu herritarrak, "antzezlan zoragarri baten azken emanaldiaz gainera, aldarrikapen unea ere izango delako". Plataformak "langileak, osasuna eta erantzukizuna" aldarrikatuko ditu beste behin ere, eta gogoratu du Eitzaga auzoko ezbeharra gertatu zenean zabala izan zela kultur eragileek emaniko babesa. Eibarko hainbat musikarik sorturiko Zaborrezko munstroa abestia eta manifestuei emaniko babesa oroitu dituzte, besteak beste. Zaldibar Argituk "esker ona" erakutsi die Artedrama eta Axut konpainiei. Horretarako modurik onena abenduaren 29an pilotalekua betetzea dela esan dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!