"Ikasle batek galdetu zidan: 'Eta hori hemen gertatu da?'; asko, ez gazteak bakarrik, ez dira kontziente hemen gertatu denaz"

Aritz Maldonado 2023ko aza. 18a, 11:15

Poriektatuko den argazkietako bat: Mikel Zabalzaren heriotzaren 30. urteurreneko omenaldia Garraldan (Nafarroa), 2015eko azaroaren 21ean. (Argazkia: Ander Gillenea)

Ander Gilleneak Euskal Herriko gatazka oinarri duen argazki proiekzioa egingo du domekan Zaldibarren; 18:00etan izango da, liburutegi zaharrean. 

'Gure historiako pasarteak' proiektuan, Ander Gillenea argazkilari donostiarrak hiru hamarkadatako gatazka kontatzen du 300 argazkitan. "Gatazka aurretik zetorren, eta ondoren ere jarraitzen du, baina azken 30 urteetako historia grafikoa ikus daiteke bertan", azaldu du Ander Gillenea argazkilari donostiarrak. 1990ean hasi, eta ETAren jardun armatua amaitu arteko garaia erakusten dute argazkiek. Hezurdura aukeratuta izan arren, bere bilduman arakatu eta doan herrian inguruetako argazkiak txertatzen ahalegintzen da Gillenea. "Garai hartako egunkarietan ikusten zena ikusiko da; 90eko zuri beltzezko argazkiekin hasi eta kolorezkoekin amaituko dugu. Kronologikoki egiten dut proiekzioa, eta bertan  atentatuak ikusten dira, etakideen hiletak... Lana horrela egokitu zitzaidan eta hori erakusten da. Adibidez, Gipuzkoako gobernadore zibila izan zen Juan Mari Jauregi kideen hiletetan agertzen da, eta gero bere hil kapera ere agertzen da. Garaiak zelan aldatu diren ere antzeman daiteke, janzkeran eta kaleetan, adibidez. Bertakoek pertsona ezagunak ere ikusiko dituzte, eta bakoitzarentzat arrazoi bategaitik edo beste bategaitik izan daiteke interesgarria", gehitu du argazkilariak. Proiekzioa 18:00etan izango da, liburutegi zaharrean. Kontaketa kronologikoa izateak berezi egiten duela azpimarratu gura izan du donostiarrak. "Esango nuke ez dagoela beste aukerarik azken hogeita hamar urteotako gertakariak kronologikoki eta jarraian horrela ikusteko. Gustatuko zaizu edo ez, hau da nik daukadana. Eta alde guztiak ikusten dira hemen". Gilleneak berak emaniko azalpen txiki bategaz proiektatuko dira argazkiak. "Gustatu zein ez, gure herriaren historia agertzen da argazkietan, baina askok ez dute ezagutu ere egiten", adierazi du argazkilariak. Gilleneak eskoletan ere egin izan ditu proiekzio hauek. "Eztandak, atxiloketak, hildakoak... askorentzat zientzia-fikzioa dira argazkiak. Ikasle batek galdetu zidan behin: 'Eta hori hemen gertatu da?'; asko, eta ez gazteak bakarrik, ez dira kontziente hemen gertatu denaz", sakondu du.

Kuriositateak ere
Ander Gillenea Bostok Photoko kidea da gaur egun, eta hiru hamarkada baino gehiago daramatza argazkigintzan. Proiekziokoak argazki "gogorrak" direla onartu arren, bilduman deneriko argazkiak dituela azaldu du, eta proiekzioan bitxiagoak edo alaiagoak direnak ere badaudela. "Lasa eta Zabalaren garaikoak daude, eta Miguel Angel Blanco zinegotziaren atentatuko argazki potentea, 1997koa. Presoen aldeko mobilizazioetakoak ere badira, eta manifestazioetakoak eta liskarretakoak. Giraldillaren ekintzakoa ere badago, adibidez", argitu du Gilleneak.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!