2023an bandalismoaren eraginez 6.000 eurotik gorako kalteak izan direla salatu du Zaldibarko Udalak

Anboto 2023ko aza. 15a, 16:20

Zapatuan autobus bati harrika egin ziotela nabarmendu du udalak bando baten bitartez; "jauzi kuantitatiboa da".

Zaldibarko Udalak azken hileetan izan diren "bandalismo ekintzak" salatu ditu; egoera "onartezina eta oso kezkagarria" dela iritzita, gertakarien berri eman dute bando baten bitartez. 2023an 6.000 eurotik gorako kalte ordainak sortu dira salaturiko gertakari horietan, eta udalak salatu du "urrian astebururo" egon direla horrelakoak. "Bandalismo-ekintzek instalazio eta ondasun publikoetan eragin dituzte kalteak, eta hori zaldibartar guztiok ordaintzen dugu. Bizi dugun egoera onartezina da, eta oso kezkagarria. Udalak hartu beharreko neurriak hartuko ditu ekintza horiek berriro gertatu ez daitezen", salatu dute. Horrez gainera, azken asteburuan gertaturikoa nabarmendu dute, egoera larritu duelakoan: "Zapatuan autobus bati (Apurtu arte klubaren autobusa) harrika eraso egin zioten. Eraso hori jauzi kualitatiboa da, pertsonen segurtasuna ipini zelako arriskuan".

Kronologia

Bandoagaz batera, erasoen kronologia eta kostua aletzen dituen txostena publikatu dute. Erasoak eskola eremuaren inguruetan izan dira, batez ere. Birritan apurtu dituzte Haur Hezkuntzako eraikineko kristalak, eta txirrin berriak ere ipini behar izan dituzte. Ondoko jolas parkeko txirrista apurtu eta erre egin zuten, eta berria ipini beharko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!