Programazio berria Zaldibarren, euskarazko sormena sustatzeko

Anboto 2023ko urr. 27a, 15:00

Añube. Jon Ander Alberdi

Zaldibarko Udaleko Euskara Sailak kultur programa berria prestatu du euskarazko sormena bultzatzeko eta horri espazio bat eskaintzeko. Aurreko urteetako asmoari jarraituta, hiru jarduera antolatu ditu udazkenerako. Zapatuan, urriak 28, Añube talde arrasatearrak kontzertua emango du Olazar futbol zelai zaharrean. Emanaldia doakoa izango da eta 20:00etan hasiko da.

Horrez gainera, azaroaren 19an Ander Guillenearen argazki proiekzioa egongo da. Guillenea Gure historiako pasarteak 1990-2018 bildumaren egilea da, eta bertan Euskal Herriko gatazkan oinarritzen diren argazkiak batu ditu. Egileak azalpenak ematen dituen bitartean ikusi ahal izango dira argazkiak. Bestalde, abenduaren 17an, Jon Plazaolak 'Tutum Platz' bakarrizketa egingo du; Plazaola bere hasieretara bueltatuko da lan honetan. Olazarko pilotalekuan izango da. 

Bertso eskola, martxan
Bestalde, 2023-2024 ikasturteko bertso eskola martxan da. Ikasturte honetan, martitzenetan izango dira saioak, 16:30etik17:30era bitartean. Saio hauek Zaldibarko eskolan egingo dituzte eta gaztetxoei zuzendurikoak dira. Izena emateko, eguen@zaldibar.eus helbide elektronikora idatzi behar da; 946 827 016 telefonora deituta ere egin daiteke. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!