Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko du Zaldibarko zabortegia egonkortzeko ardura. Modu subsidiarioan egingo du, berez, Verter Recycling enpresari dagokiolako azpiegitura zigilatzeko eta mantentze lanak egiteko ardura. Baina enpresak ez die Jaurlaritzak egindako errekerimenduei erantzun, eta horrenbestez, Jaurlaritzak berak hartuko du lanok egiteko ardura.
Erabakia zabortegiaren egonkortasun azterketaren emaitzak jakindakoan hartu dute. Izan ere, “epe luzean esku hartzerik egiten ez bada, zabortegiko egonkortasuna arriskuan” egon daitekeela egiaztatu du Jaurlaritzak. “Egungo baldintza lehorrek ez dakarte berehalako arazorik, baina zabortegia denbora luzean dagoen bezala uztea ez da bideragarria”, esan du Arantxa Tapia Ingurumen sailburuak. "Egonkortasuna galtzen ari denez, arriskua egon daitekeelako", azpimarratu du.
Uren iragaztea ekiditeko lamina
Arrisku egoera horren sortzaileetako bat euria izan daitekeela eta, Jaurlaritzak euri urak iragaztea ekiditeko lamina bat ipiniko du zabortegian. Lurrak trinkoitzeko lanekin batera, horixe izango da egingo duten lehen esku hartzea. Horrekin, hondakindegiaren egoera "nabarmen" hobetuko dela adierazi dute. Lamina ipintzeko lanek 750.000 euroko inbertsioa ekarriko dute. Bizpahiru hilean instalaturik egotea gura dute. "Ez da behin-betiko zigilatuko, baina bada instalazioaren segurtasuna eta ingurumenaren babesa berma dezakeen irtenbide bat", esan du Tapiak. Bospasei urtetarako iragazgaizte operatiboa izatea gura du Jaurlaritzak.
Bestalde, Verter Recycling enpresari zigor espedientea irekiko dio Jaurlaritzak, "administrazioak behin eta berriz egindako errekerimenduak bete ez dituelako".