Zaldibartar talde batek Aldatsa elkartea sortu zuen 2021ean, inertzia kirolak ezagutarazi eta goitibeherekiko zaletasuna sustatzeko asmoagaz. Ordutik, hainbat jaitsiera antolatu dute, eta aurten, hirugarrenez, Goitibera Txikia egingo dute, euren pasioa umeei eta gazteei transmititzeko asmoz. 16:00etatik 19:00etara bitartean, hamar sputnik egongo dira erabilgarri (uretanozko gailu hauek patinen gurpilak dituzte), ekimenerako bereziki prestaturiko zirkuituan. "Jaitsierak ez du batere arriskurik. Oso zirkuitu dibertigarria da, 100 bat metrokoa, eta bertan partaideek hainbat oztopo eta bihurgune gainditu beharko dute helmugara heldu aurretik", azaldu du Eneko Iraeta Aldatsako kideak. "Goitibera Txikia ume eta gazteei zuzenduta dago batez ere, baina helduek ere izango dute tartetxo bat goitibeheran jaisteko; sarritan gurasoak dira motibatuenak", gehitu du. Aurreko edizioetan 50 bat lagun batu ditu ekimenak.