Durangaldeak ordezkari bi izango ditu: Faben Ituarte atxondarra eta Aingeru Bernaola mañariarra. Bernaolak lehenengoz parte hartuko du Olazarren, eta datorren eguenean bertan izango du estreinaldia, txapelketako lehenengo jardunaldian. Atzelari mañariarrak Aurrekoetxea lemoarra izango du aurrelari. Biek elkarregaz bikote sendoa osatzen dute. Ariztegi eta Azpetegia nafarrak izango dituzte aurkari. Apeztegiak kadete adinagaz —16 urte— jokatuko du Zaldibarren. Txapelketako 16 bikoteen artean batzuk faboritoagoak dira. Multzo horretan Zubizarreta-Lizeaga, Ormaetxe-Apezetxea eta Murua-Loza bikoteak nabarmendu daitezke.
Lau eta erdian arituko diren 16 pilotariak ere ez dira nolanahikoak. Promesarik onenetarikoak etorriko dira: Unai Amiano, Iker Egiguren eta Ekhi Irribarria, besteak beste. Datorren eguenean, Erkiagak eta Kortazarrek neurtuko dituzte indarrak kaiolan. Faben Ituartek, seguruenik, urriaren 12an izango du lehenengo kanporaketa.
Zuzeneko emankizuna
Urriaren 12tik txapelketa amaitu bitartean dauden jardunaldi guztiak Internet bidez —'Youtube Zaldibarko Udala' kanalean— zuzenean jarraitu ahal izango dira. Iazko esperientzia positiboa izan zen eta aurten bide beretik jarraitzea erabaki dute Zalduako arduradunek. ANBOTOren webgunean ere ikusi ahalko dira urriaren 12tik finalera arteko jardunaldi guztiak.
Iazko moduan, kalitatezko emankizuna izango da: lau kamera, errealizazio profesionala, errepikapenak… Telebistako emankizunekin konparatu daitekeen produktua da. Esatariei buruz ere beste hainbeste esan daiteke. Aritz Gallastegi kazetariak kontatuko du kantxan gertatzen den guztia eta Enrike Agirrebeitiak egingo ditu komentarista lanak.