Barikuan hasiko dituzte, Zaldibarren, Goierri auzoko Santa Marineko jaiak, rock jaialdiaren VII. edizioagaz

Anboto 2023ko uzt. 12a, 10:35
Ezta Ilenek kontzertua emango du Goierri auzoko jaietan.

Barikuan 19:00etan jasoko dute Donien Atxa; hiru musika talde izango dira jaialdian: Sei Urte, Astoturfer eta Ezta Ilen. 

Jaietako biharamunetik errekuperatzeko ia astirik barik, zaldibartarrek parrandarako ordua dute berriro; izan ere, barikutik aurrera, Goierri auzoko Santa Marineko jaiak ospatuko dituzte. 19:00etan jaurtiko dute jaien hasiera iragartzen duen txupina, eta, jarraian, Donien Atxa jasoko dute. Ondoren, Eingo taldeak euskal kantak abestuko ditu, sardina jana eta bola-jokoa diren bitartean. Barikua borobiltzeko, zazpigarren rock jaialdia egingo dute, eskualdeko hiru taldegaz. Astoturfer durangarrak, Sei Urte berriztarrek eta Ezta Ilen zaldibartarrek joko dute kontzertua. 23:00etan hasiko da.

Zapatuan, goizetik ekingo diote jaiari, bakailao eta paella txapelketekin. "Bermut alaia"-ren ondoren, mus eta briska txapelketak egingo dituzte, eta arratsaldean umeentzako antzerkia egongo da: Pipo Star. Luhartz taldearen erromeriagaz amaituko dute eguna. Domekan auzoko nagusiak omenduko dituzte, 13:00etan, eta iluntzean ohiko argazki proiekzioa egingo dute. Festak martitzenean amaituko dituzte, uztailak 18, Donien Atxa botata eta berakatz zopa janda. 

Auzoetako jaiak
Herriko jaiak igarota, auzoetako festak ospatzen hasiko dira Zaldibarren; uztailaren 25ean Gazagako jaiak ospatuko dituzte, eta abuztuaren 10ean Urizar eta Sallabente auzoetakoak. Ekainean, Eitzagako jaiak ospatu zituzten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!