Zaldibarko jaiak 2023

"Zalduaren lan soziala eten ez dadin, lanean jarraitzea da dugun erronka"

Anboto 2023ko uzt. 7a, 12:30

Festa giroan murgilduta daude Zaldibarren, aurten 50 urte bete dituen Zaldua kirol elkarteak jaiak iragartzeko txapligua jaurti ondoren. Azken zortzi urtean elkarteko presidente den Arkaitz Padillagaz (Zaldibar, 1976) elkartu da ANBOTO, jaiak hasi baino egun batzuk lehenago.

Pozik hartu duzue gonbidapena. Nortzuk izan dituzue gogoan?
Azken 50 urteotan Zaldua kirol elkartean lan egin duen jendea.

Urte berezia izan duzue hau. 50 urtez 900 bazkidetik gora dituen elkartea mantentzea ez da marka txarra.
Hala da, eta oso pozik gaude. Lan handia dago horren atzean. Udaleko diru laguntzari eta laguntzaileei eskerrak, eta lan eginda ateratzen den dirutxoagaz egiten dugu aurrera. Gainera, antolaturiko ekintzek jendea mugitzen dute. Urteurreneko ekintzetara ere jende asko batu da. 

Futbol, saskibaloi, pilota eta mendi taldeek osatzen dute elkartea. 
Bai. Futbol taldea 1973an sortu zen, Zaldibarko Koralaren bitartez. Handik hiru-lau urtera, pilota elkartea sortu zen, eta geroago saskibaloi eta mendi taldeak etorri ziren. 1978rako denak elkartuta ekin zioten.

Oraindino futbola da nagusi?
Bai. Pilotan jokatzen duten ia ume guztiak futbolean ere badabiltza, eta 12-13 urtegaz gehienek futbolerako aldaketa egiten dute; zoritxarrez, nire ustez. Batez ere, lagun taldeak erakarrita joaten dira. Futbola talde kirola da, eta pilotan, ostera, bakarrik edo bikotekideagaz jokatzen da. Bada, bakarrik geratuz gero futbolera aldatzen dira azkenean. Herri guztietan gertatzen da hau, ez Zaldibarren bakarrik.

Zu zeu ere futbol taldearen bitartez sartu zinen elkartean.
Bai. Umetan futbolean jokatu nuen eta 15 bat urtegaz entrenatzaile hasi nintzen umeekin. Hainbat mailatan ibili nintzen, nagusiak entrenatzera heldu arte, eta zuzendaritzako kide ere izan naiz urte askoan. Zaldua Kirol elkarteko presidente kargua 19 urtegaz hartu nuen lehenengoz; bigarrenez, orain 25 urte. Eta, orain zortzi urte hirugarrenez. Ia erreleboa datorren! 

Atzera begiratuta, zelako ibilbidea izan da Zalduarena?
Orokorrean oso ona, esango nuke. 

Zerk egiten du berezi Zaldua?
Zaldibartarrik gehienak oso lotuta daude Zalduagaz, edo horrek batzen duen elkarteren bategaz. Biztanleriaren ia %33 bazkide izateak asko esan gura du. Zaldibartar gutxi izango da bere bizitzan Zalduagaz batere loturarik izan ez duena. Igual, horrek egiten du berezi. Beste hainbat elkarte bateratzea ere bada berezia.

Beste 50 urte beteko dituzue?
Hala espero dugu! Eta gehiago ere bai (barrez). Elkarte honen lan soziala ezin da eten. Umeek, eta orokorrean zaldibartarrek, kirola egiteko aukera izatea da gure helburua. Zalduaren lan soziala eten ez dadin, lanean jarraitzea da dugun erronka. 

Zelan bizi dituzu jaiak?
Parrandazalea izan naiz, eta oraindino gustatzen zait. Herriko jaiak denak emanda bizi ditut. Inoiz ere ez dut hutsik egin, sakratuak dira. Inoiz ere ez naiz joan sanferminetera. Egunero irteten naiz. Baina gauez gutxiago nabil orain (barrez).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!