Zaldibarko jaiak 2023

Zaldibarren herriko elkarteekin elkarlanean osatutako jai egitaraua aurkeztu dute

Anboto 2023ko eka. 28a, 21:14

Jai Batzordean parte hartu duten herriko elkarteetako hainbat ordezkari batu dira jai egitarauaren aurkezpenean

Aurten 50. urteurrena bete duen Zaldua Kirol Elkarteak jaurtiko du herriko jaien hasiera iragartzeko txapligua; elkarteko presidentea den Arkaitz Padillari egokitu zaio ardura hori

Zaldibarren dena prest dute herriko jaiei merezitako ondoetorria emateko. Jai Batzordeak adin guztietarako jai egitarau "parte hartzailea" osatu, urteetan herrian errotuta dauden ekitaldiei eutsiz. Hala, rock kontzertuak antolatu dituzte txosnagunean, puntako bertsolariak batuko dituen bertso jaialdia prestatu dute, eta, zirku ikuskizuna, kirol jarduerak eta dantzariak izango dira hurrengo egunetan. Herritarren artean harrera ezinhobea duen solomo eta sardina janak ere ez du hutsik egingo. Zaldibarko alkate Eneritz Azpitartek jai egitarauaren aurkezpenean nabarmendu duen moduan, herriko elkarteekin elkarlanean osatutako egitaraua izan da.

50 urte lanean

Aurten 50. urteurrena bete duen Zaldua Kirol Elkarteak jaurtiko du jaiak iragartzeko txapligua, uztailaren 6an. Azken zortzi urtean elkarteko presidentea den Arkaitz Padillari egokitu zaio udaletxeko balkoira igotzeko ardura hori, urduritasun gabe hartutako ardura, azaldu duenez. "Jai Batzordearen proposamena izan da eta oso pozik hartu dugu", dio umetatik Zaldua kirol elkarteko bazkide denak. Bere berbetan, "Zalduako kide moduan beti esan dut 50 urte ez direla besterik gabe egiten. Bada, eskerrak eman gura dizkiet Zalduan lan egin duten guztiei, sortzaileetatik hasi eta gaur egungo lanean ari diren guztietara heldu arte".  Zaldua Kirol Elkartean 900 bazkide dira momentu honetan. Elkarteak beste horrenbeste urte beteko dituen galdetuta, Padillak aitortu du horretan lanean jarraitzen dutela. Duela hilabete eskas ospatu zuten urteurreneko ekitaldi nagusia. Bazkaria antolatu zuten, frontoian 380 lagun inguru elkartuz. 

Dena den, jaiei behin betiko ondoetorria emateko eguna heldu artean, motorrak berotzeko asteburua izango da hurrengoa. Barikuan,  XXI. Areto-futbol maratoia hasiko da kiroldegian, eta, Olazar pilotalekuan profesional mailako pilota partidak jokatuko dira. Ur-jolasak egingo dituzte Olazarren eta XXIX. Argazki Rallyak ere ez du hutsik egingo. 

Erasorik ez

Eneritz Azpitarte alkateak gogoratu du ez dutela erasorik onartuko,  "jaiak denok gozatzeko egunak direlako". Ildo horretan, herritarrei jai zoriontsuak opatu dizkie. "Egunez eta gauez izango dira ekitaldiak, askotariko ekitaldiak, eta herritarrek disfrutatzea espero dugu", gaineratu du Azpitartek.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!