Zaldibarko zabortegiak "egonkortasuna galdu" duela eta, neurriak hartzeko eskatu diote Jaurlaritzari

Anboto 2023ko eka. 26a, 12:17

Bilbon egin dute prentsaurrekoa Zaldibar Argitu plataformak, Ekologistan Martxanek eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak Zaldibarko zabortegia "jausten ari dela" salatzeko. Ekainaren 29an elkarretaratzea egingo dute Eusko Legebiltzarraren parean, eta barikuan, Zaldibarren manifestaziora deitu dute, hilak 30, 19:00etan. 

Eneko Iraeta Zaldibar Argituko kideak azaldutakoaren arabera, "egungo egoera ez da 2020ko otsailaren 6koa baino hobea". "Eusko Jaurlaritzak berak txostena epaitegira bidali du. Egonkortasunari begiratuz gero, arriskua handia da, mugitzen ari da, pitzadurak daude; arriskua balizko erorketa batetik haratago doa, gasen, usainen eta suteen iskurketei dagokienez ere arrisku handia dago. Oso kezkatuta gaude"

Eusko Jaurlaritzak Geologia y Geotecnia Larrea S.L enpresari eskatutako txosten geologikoaren arabera, hondakinen masa ez da egonkorra. Apirilean, Segurtasun Faktorea delakoa, FS, 1,15koa zen, eta joera beheranzkoa zuen; 1. baliora jaitsiz gero, eraitsi egin daiteke; Jaurlaritzak berak amaitutzat jo zituen 20221eko abuztuan egonkortze lanak, eta data horretan 1,6koa zen FS baldintza lehorretan (drainatze akatsen baldintzetan 1,4koa zen). "Oso garrantzitsua da bizilagunei egungo arrisku egoeraren berri ematea", azaldu dute, eta mobilizatzeko deia egin dute, "Eusko Jaurlaritzari premiazko ekintzak eskatzeko, beste hondamendi bat sahiesteko". 

Ekologistak martxaneko Javier Vazquezek Jaurlaritzari baliabide eta mekanismo legal guztiak martxan jartzeko eskatu dio. "Eusko Jaurlaritzaren ekintza beharrezkoa da, egoeraren zuzeneko erantzulea nor den, sor daitezkeen legezko beste erantzukizun batzuk zein diren eta azkenean beharrezko jarduerak nork finantzatu behar dituen kontuan hartu gabe", azaldu du. 

Udalaren eskaera

Zaldibarko Udalak ere "segurtasuna bermatzeko premiazko neurriak hartzeko" eskatu dio Jaurlaritzari. "Benetan kezkatuta gaude zabortegiaren eta inguruan bizi diren pertsonen egungo egoerarekin", azaldu du ohar baten bidez Eneritz Azpitarte Zaldibarko alkateak. Horrez gainera, aldi baterako estalki artifizial bat egitea, zabortegia behin betiko zigilatzea, hondakinaren egonkortasunari buruzko azterketa egitea eta ohiko jarraipen kontrolak egitea eskatu du udalak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!