"Goitibeheragaz askatzen den adrenalinak erakartzen gaitu"

Anboto 2023ko eka. 16a, 15:30

Euskal Inertzia Koparako puntuagarria den Zaldibarko II. Goitibehera Jaitsiera antolatzen buru-belarri daude Oier Letamendia (Zaldibar, 2002) eta Joseba Herreros (Elorrio, 1998). Zapatuan Goierri auzoan izango dute hitzordua, 16:00etan, eta biek parte hartuko dute. Euskal Kopan taldeko sailkapenean 3. postuari eustea dute erronka nagusia (@aldatsa_goitibeherak).

Nondik datorkizue zaletasuna?
Oier Letamendia: Txikitatik ibili naiz patinetean, bizikletan... Betidanik gustatu zait abiadura. Eta pandemiaren ondoren, herrian jai alternatiboak prestatzen genbiltzala, norbaitek bota zuen ea zergaitik ez genuen goitibehera jaitsiera antolatzen. Orduan, lagun baten tailerrean gotibeherak muntatzen hasi ginen, eta harrezkero profesional bihurtu gara (barrez). Orduan sortu nuen Akerbeltz, nire lehenengo goitibehera. Orain, lau ditut.
Joseba Herreros: Umetatik izan ditut goitibeherak, errodamenduzkoak. Lehenengoa sei urtegaz, osabagaz egindakoa. Eta iaz trizikloa muntatu nuen Durangoko jaitsierarako. Hortxe berotu nintzen kontuagaz. Orain, triziklo bi ditut etxean.

Zerk erakartzen zaituzte gehien?
J.H.: Askatzen den adrenalinak. 
O.L.: Abiadura, adrenalina askatzea... gustatzen zaigu. Minutu biko jaitsieran gurpilen zarata baino ez da entzuten, eta sentsazio hori egundokoa da!

Goitibehera mota asko dago?
O.L.: Bai, goitibeherak eboluzionatu egin du, denak lez. Euskal Inertzia Kopan lehiatzen gabiltza gu, Euskal Herrian dagoen lehiaketa nagusian, eta gurpilen materialaren arabera bost kategoria ofizial daude. Librean ere lehiatu daiteke. 

Zenbateko abidura hartu daiteke?
J.H.: Handia! Speed Trike edo trizikloen mailan lehiatzen naiz, eta azken jaitsieran 58 kilometro orduko abiadura hartu nuen, batez beste. Baina egon ziren 100 kilometro orduko hartu zutenak.
O.L.: Gehienez, 101 kilometro orduko abiadura hartu daiteke, eta hartu izan dut abiadura hori. Dena dela, arau batzuk daude segurtasuna bermatzeko. Balazta egokiak izatea, gorputz osoa babestuta joatea, kasko integrala eramatea...

Galduta zegoen zaletasuna berreskuratzen dabilela esango zenukete? 
J.H.: Bai. Durangaldean baliteke zaletasun handirik ez egotea. Baina Euskal Herrian berreskuratzen dabilela esango nuke. Apurka ari gara jendea motibatzen.

Helburu horregaz jaio zen Aldatsa?
O.L.: Goitibeherak euskal kulturaren parte dira eta izango dira. Eten bat izan zen,  baina orain zaletasun hori era profesional batean berreskuratu gura dugu. Serioago, abiadura gehiago hartuta, baina berdin disfrutatuz. Goitibeherak ezagutarazi gura ditugu, eta jendea probatzera animatu.

Izan duzue sustorik?
J.H.: Bai. Apurturiko trizikloa konpondu ere egin dugu, hurrengo egunean erabiltzeko. Ondorengo txanda astiroago egingo dugu agian, baina hurrengo lehiaketarako istripua ahaztuta izaten dugu.
O.L: Orain gutxi horma bat jo nuen. Koltxoi bat zegoen arren, kolpe ederra hartu nuen. Baina hartu ditugun sustoek ez gaituzte kikildu, gehiago motibatu gaituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!