"Mundua pikutara doan bitartean", Star Drinkers zaldibartarrek rocka egiten jarraitu gura dute

Anboto 2023ko eka. 10a, 10:00
Edorta Gangutia, Fabian Arriola, Patxi Sanchez eta Iñaki Gorrotxategi.

Aurten kaleraturiko diskoa aurkezten dabil laukote zaldibartarra; hurrengo kontzertua etxean dute, Goierri auzoko jaietan.

Patxi Sánchez, Fabian Arriola, Edorta Gangutia eta Iñaki Gorrotxategi zaldibartarrak aspaldiko lagunak dira. Gari Rock elkarteko kideak dira gehienak, eta, horrez gainera, kaletik ere ezagutzen dute elkar, tabernetatik, eurek zehazten duten moduan. 2018an ipini zuten martxan Star Drinkers proiektua, lehenengo urrats sendoak pandemiaren ondoren etorri diren arren. "Pausorik pauso goaz, eta martxa azken urtean hartu dugu. Iaz diskoa grabatu genuen eta hainbat zuzeneko eman dugu ordutik", azaldu du Fabian Arriolak. Laurek ibilbide luzea dute rock munduan, eta, besteak beste, Quattro Clavos, Los Perrunillas, Sybaris eta Disorders taldeetan aritu dira. 

Debuteko lanak sei abesti ditu, eta denek rocka dute oinarri. Hala ere, ez dute doinu mota bakarrera mugatu gura izan. "Taldekide bakoitzak bere zaletasunak ditu, batzuk punkiagoak gara, beste batzuk blueszaleagoak, baina, oinarrian, rock kantak dira. Estilo desberdinak atsegin ditugu eta diskoan horiek ere sartzen ahalegindu gara; horrela, diskoa aberatsagoa geratzen dela iruditzen zaigu", azaldu du Gorrotxategi bateria-jotzaileak; Arriolak gitarra jotzen du, Gangutiak baxua, eta Sanchezek abestu egiten du, Los Perrunillasen bateria jotzen zuen arren. 2020ko martxoan eman behar zuten lehenengo kontzertua, martxoaren 14an hain zuzen ere, baina kontzertua bertan behera geratu zen, sobera ezagunak diren arrazoiengaitik.

Zorte txarrekoak?
Taldekideek txantxa artean diote zorte txarraren fama dutela, baina, hala ere, izendapen hori Sorgin tabernari dagokiola zehaztu gura izan dute. "Jo ditugun beste kontzertu guztiak bikain joan dira, Sorginekoak izan dira arazoak izan ditugun bakarrak, eta, beraz, argi dago eurak direla zorte txarrekoak", diote barre artean. 2019ko martxoaren 14an alarma egoeragaitik geratu zen bertan behera kontzertua, eta iaz tabernako sabaia jausi zelako geratu zen bertan behera diskoaren aurkezpen emanaldia. Hala ere, martxoan jo ahal izan zutela zehaztu dute, eta sekulako gaua izan zela.

Diskoa iazko ekainean grabatu zuten, Berrizko Lorentzo Recordsen, Aitor Ariñogaz; asteburu bakarrean grabatu zuten. "Nire lehenengo aldia izan zen guztiok elkarregaz batera grabatzen, baina oso erraz joan zen guztia, eta oso gustura geratu gara emaitzagaz". Aurrera begira, formula berari eusteko asmoa agertu dute taldekideek. "Gurago dugu urtean behin bost-sei abestiko disko labur bat grabatu eta horiek jo zuzenean, bost urtez disko luze bat prestatzen ibili baino".

Zuzenekoak
Diskoaren grabazioagaz gustura geratu ostean, laukotea diskoa zuzenean aurkezten dabil orain. "Nahiko lasai hartu gura dugu. Errepideko bizitzak asko erretzen du eta aurreko taldeekin ezagutu genuen hori. Oraingo honegaz, gurago dugu gauzak lasaiago hartu", azaldu du Gorrotxategik. Eguenean , taldeak kontzertua eman zuen Abadiñoko Amaraun Arte Fabrikan, eta hurrengo hitzordua uztailerako dute, Zaldibarko Goierri auzoko jaietan. Bertan, diskoaren kopia fisikoak eta euren kamisetak erosi ahal izango dira. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!