"Irlandatik bueltan konturatu nintzen Zaldibar ez zela bizitzeko toki bat niretzat"

Anboto 2023ko mai. 21a, 10:00

Roberto Abadek (Zaldibar, 1970) hainbat herrialde ezagutu du orain hamarkada bi Zaldibartik joan zenetik. Kazakhstanen, Txinan eta Bosnian ere bizi izan da.

Zelan gogoratzen duzu Zaldibartik Ipar Karolinarako aldaketa? 
Aldaketa guztiak onak dira. Gure burua hobetzen laguntzen digute eta, batzuetan, gure istorioa berridazten. Herrialde berri batera noan bakoitzean, istorio berri bat hastea lez da. Nazioarteko irakasle izaten lagundu zidan plataforma izan nituen AEBak. Esperientzia bikaina izan zen, hazkunde profesionaleko garaia. Han bizitako urteetan, adopziozko familia handituz joan nintzen. Aurretik, Londresen eta Irlandan lan egin nuen, ostalaritzan. 

Herrialde eta kultura asko ezagutu duzu. Zeinek erakarri zaitu gehien?
Hasieran denak dira erakargarriak. Edonon topatzen dituzu mundua beste era batera ulertzen laguntzen dizuten pertsonak. Hala ere, ez gara horren desberdinak, horixe da harrigarriena. Hizkuntza eta ideologia desberdinak izan daitezke, baina oinarrian denok gara gizakiak. Shock kulturalik handiena AEBetan bizi izan nuen. Dena da handia: etxeak, kotxeak, jendea... eta ni ez naiz txikia! Oraingoz kultura georgiarragaz sentitu naiz ondoen. Baina toki guztietan topatu ditut bihotzean daramatzadan lagun onak.

Nomadatzat duzu zeure burua?
Jakina! Aitak kontaturiko istorioak eta Argentinako aititaren pasadizoak atsegin handiz gogoratzen ditut. Nire irudimena gehituta, etxetik irteteko ezinbesteko arrazoia izan zela uste dut.

Zelan eragin du milaka errusiarren irteerak Tbilisin?
Talka politiko eta kultural izugarria sortu du. Bestalde, bizimodua asko garestitu da. Gerratik ihesi, herrialdetik irteten duten lehenengoak ez dira zertan egoera ekonomikorik okerrena dutenak izan. Oso gogoan dute Georgiaren iragan sobietarra, eta zauri pertsonal asko dago ustelkeriaren ondorioz. Politikoki ez da herrialde egonkorra.

Arropa eta bitxiak diseinatzen dituzu.
Etxean beldurrik barik adierazten erakutsi zidaten, eta, askotan, hori ez da erraza zer garen definitzen duen gizartean. Inoiz ez diot beldurrik izan neure burua adierazteko sormena erabilita: pinturagaz Txinan, kantuagaz Bosnian, eta arropa-bitxi-altzarien diseinuagaz Georgian. Artea komunikatzeko eta kulturak ezagutzeko tresna dut. 

Bueltatuko zara Zaldibarrera?
Etxera aldi baterako bueltatuko naiz, oporretan. Londresetik eta Irlandatik bueltan konturatu nintzen Zaldibar ez zela bizitzeko toki bat niretzat. Mundua gauza berriak ezagutzeko dugun beldurra bezain handia edo txikia da. Amak bidaiatzea gura nuke, bizi  izan naizen tokiak ezagutzea. Etxera noanean, aitaren eta anaia Ahmed-en hutsunea igartzen dut gehien. Baserrian egiten genituen familia bazkariekin ere asko akordatzen naiz, Mikelegaz egiten nituen gosariekin Durangon, eta amaren bazkariekin, jakina!

Munduan bidaiatzen jarraituko duzu?
Non gogoa, han zangoa. Zaldibar maite dut, baina leku txikia infernu handia (barrez).

Nora joan gura zenuke?
Kanada bisitatuko nuke, hango lagunak ikusteko. Europa iparraldea, Hegoafrika, Grezia... Basamortura ere bueltatu gura nuke. Datorren urtean, Albanian irakatsi gura nuke, baina batek daki. Pauso bakoitza ematen ahalegintzea da helmuga. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!