Hogeita hiru urteren ondoren, Quattro Clavos talde zaldibartarrak azken kontzertua emango du, zauria ixteko asmoagaz

Aritz Maldonado 2023ko api. 28a, 12:30

Zutunik, Erlantz Zimendi, Itsaso Leaniz, eta Mikel Arrieta; makurtuta, Javi Garitaonandia eta Aintzira Gorosabel.

Ondarroako Beikozini aretoan izango da gaurko kontzertua, 22:00etan. 23 urteko etenaldiaren ondoren, zuzenekoa emango dute zikloa ixteko. 

Orain 23 urte zabalduriko zauri bat osatzeko asmoz eta ziklo bati amaiera emateko gogoz, Quattro Clavos talde zaldibartar mitikoak azken kontzertua emango du. 2000. urtean Joserra Garitaonandia taldeko bateria-jotzailearen moto istripuak (eta honen heriotzak) bapatean eten zuen sasoi betean zegoen taldearen jarduera. "Europan hilabeteko bira egitetik gentozen, eta Zaldibarren bertan oso kontzertu potentea prestatzen genbiltzan. Hertzainakeko 'Gari'-k (Iñaki Igon Garitaonandia), Reincidenteseko Jose Luis Nieto 'Selu'-k, Iñaki Anton 'Uoho'-k, 'Fito' Cabralesek eta Extremoduroko 'Robe'-k parte hartu behar zuten", azaldu du Javi Garitaonandia taldearen sortzaile, baxu-jotzaile, abeslari eta Joserra zenaren anaiak. Ordutik, zorroan gordeta eduki du baxua zaldibartarrak. "Niretzat dena amaitu zen, maila pertsonalean, talde lez... Egunero geratzen ginen entseatzeko, berbetako, zerbait hartzeko... kolpe handia izan zen", adierazi du. Oraintsu arte. Izan ere, hamabi urteko ibilbideari merezitako agurra emango diote, gaur gauean, Ondarroako (Bizkaia) Beikozini aretoan. "Neure buruari eta jarraitzen gintuen jende guztiari zor diot", borobildu du Garitaonandiak. 

"Pandemia aurretik, Iratxe Mendiolagarayri deitu nion; zikloa ixteaz berba egin genuen eta aurrera egitea erabaki genuen. Iratxe, baina, gaixotu eta hil egin zen", dio penatuta Garitaonandiak. "Orduan, orain urtebete inguru, ostera ere baxua hartu eta abestiak berreskuratzeari ekin nion". Gero, Erlantz Eizmendi zaldibartarragaz (bateria) berba egin zuen. "Proposamena guztiz bota aurretik jada baiezkoa eman zidan", dio barreka. Itsaso Leanizek bistaz ezagutzen zituen Garitaonandiatarrak eta Quattro Clavos, eta gogotsu hartu dio erronkari ere. "Emozioaren faktorea hor dago, jakina. Proposamena barrenetik egin zigun Javik, eta horrelakoak barruraino heltzen dira. Zaldibarko herria ere gogotsu dago, Joserra eta Iratxe zaldibartarrak zirelako, eta Quattro Clavos ere bertako talde kutuna zen", esan du Leanizek. Mikel Arrieta eta Aintzira Gorosabel gitarristek osatzen dute kontzertua emango duen boskotea. 

Hamabi urteko ibilbidean, Qua-ttro Clavos taldeak hiru lan luze eta EP bi kaleratu zituen, eta dozenaka kontzertu eman. "Asteburuetarako, buruan ez genuen zuzenean jotzea besterik. Horrela ordaindu genituen ekipoa eta furgoneta. Pentsa, Europako biran, 23 egunean, 17 kontzertu jo genituen", azaldu dute. Reincidentes eta Extremoduro taldeekin hamaika kontzertu eman zituzten. Horietatik, Celeste aretoan (Bartzelona) eta Argentina aretoan (Madril) emandakoak gogoan ditu, batu zuten jende kopuruagaitik, "2.500 eta 5.000 laguneko kontzertuak jo genituen eurekin", gaineratu du. 

Zuzeneko grabazioa
Azken asteetan, taldea buru-belarri dabil entsegu lokalean. Kontzertua eman ez ezik, grabatu ere egingo dute, Mikel Santos teknikariagaz. Etorkizunean ez dute baztertzen beste kontzerturen bat jotzea. Hala ere, gatxa izango dela azpimarratu dute: "Gustatuko litzaiguke, baina ez dakigu posible izango den; daramagun bizimoduagaz oso konplikatua da". Baina taldekideek ondo gogoratuko dute azken urtean bizitakoa: "Oso intentsoa izaten ari da dena; gogorra, baina entseguak amaituta pozik goaz etxera". Gau batez, 90eko hamarkadara bueltatuko da Beikozini, eta momentu hunkigarria biziko du, orain 23 urte zabalduriko zauria ixteko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!