Zaldibartik Saharara, elkartasun eta zaintza sare baten testigantza

Jone Guenetxea 2023ko api. 28a, 09:30

Ahmed Salama Salahi ume sahararrak Zaldibarko familia baten bizitza aldatu zuen orain 21 urte. 2002an, giltzurruneko gaixotasun bategaz etorri zen Durangaldera uda pasatzera, eta Zaldibarko familia batean geratu zen. Giltzurrun transplantea egin zioten txikitan, eta pandemia sasoian beste transplante baten zain zegoen. Bat-batean, bere osasun egoerak okerrera egin zuen eta hil egin zen. Kolpe gogorra izan zen bere familia eta lagunentzat, bai Zaldibarren eta baita Saharan ere. 

Urtebebete pasatuta, Ahmeden bizitzan garrantzitsuak izan ziren emakume bi elkartu ditu ANBOTOk. Ana Maiztegi (Zaldibar, 1948), haren Zaldibarko ama, eta Amagoia Iturralde (Abadiño, 1960) irakaslea. Ondo gogoan dituzte haregaz pasaturiko momentuak, baita saharar herriagaz jositako elkartasun sareak ere.

Zelan gogoratzen duzue Ahmed?
Ana Maiztegi: Guretzat seme bat izan da. Oso formala. 2002an etorri zen gure etxera. Aurretik ezagutzen genuen, Saharara egindako bidaietatik, bere arreba Glana gugaz egon zelako Uda Bakean Bizi programaren bitartez. Behin harreran hartuta, hemengo eskolan hasi zen. 
Amagoia Iturralde: Eskolara etorri zenekoa ondo gogoan dut. Mutiko txikitxoa zen eta oso kolore eskasa zuen, gris kolorea nabaritu nion. Atentzioa eman zidan. Gero infartua izan zuen eta zerk eragin zion ulertu genuen. LH 3. mailara etorri zen eta sasoi hartan beste irakasle bat zuen. Hurrengo urtean nire ikaslea izango zela banekienez, urte hartan Saharara bidaian lagundu nion Anari, bisita egitera. Anak eta biok ez genuen elkar ezagutu ere egiten. Bere familia eta errealitatea ezagutu gura nituen. Beste bidaia askoren hasiera izan zen hori. Hogei bat bider joan naiz hara.

Zelan sortu zen Ahmed harreran hartzeko aukera?
A.M.: Bere arreba Glana lau urtean gure etxera etorri zen uda sasoian. Haren amak Tindufera (Aljeria) joateko gonbita egin zigun. Ahmedek anaia biki bat zuen eta txarto zegoen. Nire seme Robertok ere Ahmeden anaia ekartzea gura zuen, baina ez ziguten utzi. Uda Bakean Bizi programagaz etorriko zela pentsatu genuen, baina tarte horretan hil egin zen. Ondoren, amak Ahmed hartzeko eskatu zidan, Glana ez zetorrelako gehiago. Momentu hartan, Ahmedek 9 urte zituen. 29 urtegaz hil zen.

Osasun aldetik, zailtasunak izan zituen.
A.M.: Zaila zen, baina berak ondo eramaten zuen. Laguntza handia izan dudala esan behar dut. Ospitalean, mediku guztiak oso ondo portatu ziren. Eurena izango balitz legez tratatzen zuten. 
A.I.: Ingresoak, etxean diarisia... gauza asko zaindu behar zen, eta Ana eta Elu, Anaren senarra, oso inplikatuta zeuden. Eluk oso hartu-eman polita zuen Ahmedegaz. 

Zelan integratu zen hemen?
A.M.: Nire semeak anaia balitz legez hartu zuen. Kostatu egin zitzaion Eluri eta bioi aita eta ama esatea. Ospitalean, erizain batek esan zion geu ere ama eta aita ginela. Eta ama deitu zidan. Polita izan zen. Eskolan ere laguntza handia izan dut Amagoiagaz.

Urtebete da joan zenetik. Zelan zaudete?
A.M.: Ahmeden heriotza oso bat-batekoa izan zen. 17 urtean giltzurruna ondo izan zuen, baina bigarren transplantearen zain geunden. Buruko isuria izan zuen, derramea, eta ez genuen espero. Handik hile bira nire senarra hil zen. Kolpe handi bi izan ziren oso denbora gutxian. Urtebete joan den arren, gogorra da.

Saharar herriagaz lotura izaten jarraitzen duzue. Zelako esperientzia da Tindufera joatea?
A.M.: Laguntzera zoazenez, pozik joaten zara ahal duzuna eramanda. Baina itzulera gogorra da. Lehenengo urteetan bueltatzen nintzenean, oso txarto pasatzen nuen. 
A.I.:Han zaudenean han zaude eta hemen zaudenean hemengo erara bizi behar gara. Gogorra da, aire librean dagoen kartzela erraldoi bat da hura, barruan 200.000 lagun dituena. Arazo politiko bat tarteko egonda, injustizia bat da, giza eskubideak ezelan ere errespetatu barik. Baina eurek etxekotzat hartzen zaituzte eta asko eskertzen dute bisita hori, eta hori ere pozgarria da.

Aurten egin duzuen bisita berezia izan da guztientzat.
A.M.: Aurten joan naizenean, oso txarto pasatu dut. Ahmed enterratuta dagoen lekua bisitatu gura nuen eta gogorra izan zen. Baina Elena, Lourdes, Amagoia eta lagun hauek guztiak hantxe egon ziren nigaz. 

Uda honetan ume sahararrak etxean hartzeko zalantzan dauden familiei zer esango zeniekete?
A.I.: Zer esango niekeen? Pentsatzeko handik datorren ume batentzat zein mesedegarria den uda hemen pasatzea. Iaz azterketa medikuak eginda etorri ziren. Kasuren bat errebisioren bat egitera etorri zen. Lehenengo urtea gogortxoagoa da, 8 urte dituztelako eta dena berria delako. Gero, lasaitzen joaten dira. Gainera, gaur egun, teknologiekin, etxekoekin berba egin dezakete. Mahaian plater bat gehiago ipintzea eta arropa apur bat erostea da kontua. Uda hemen pasatzen duten umeek hiru-lau kilo hartzen dituzte eta gero hara bisitan goazenean igartzen zaie hazkundea. Horregaitik, familiei esaten diet ez dela asko behar eta on egiten diela. 

Nik hasieran Ahmeden arreba gaztea hartu nuen, lau udatan. Nire ahizpa baten etxera joan behar zuen, baina neure etxean amaitu zuen. Gero, iaz, Ahmeden lehengusina etorri zen. Pandemian eten bat egon da. Iaz egin zen, baina ume gutxiagogaz. Aurten ere 300 familia lortu gura dira eta ehun eta piku lortu dira. 

Saharar herriak bizi duen errealitatea bertatik bertara ezagutzen duzue. Zein aldaketa igarri duzue urteotan?
A.M.: Orain 23 urteko egoeratik gaur egungora alde handia dago. Orain ura eta argia dute. Baina elikagaietan eskasia handia igarri dugu.
A.I.: Elikadurari dagokionez, lehen nazioarteko laguntza heltzen zen. Orain, geroago eta gutxiago. Desnutrizioa ikusten da umeengan, eta baita helduengan ere. Hemendik joaten diren medikuek ere horixe ikusten dute. Momentu honetan gerran daude, eta andra eta gizon asko frontean daude. Janaria ere falta da. Egoera geroago eta larriagoa da. 

Ahmed, ezkerretik hasita bigarrena, Zaldibarko familiagaz, Durangaldera etorri zenean.


Ana Maiztegi, Ahmed eta Elu Abad.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!