Lau dira proiektu honetan kontuan hartu beharreko jarduerarik garrantzitsuenak. Alde batetik, Euskal Herria etorbidean semaforoak ipiniko dituzte Arantzamendi kaleagaz bat egiten duen lekuan. Abiadura kontrolatzeko radar bat ipintzea ere aurreikusi dute. Bestetik, Abeletxeko irteeran eta Gortazar kaleko sarreran semaforoa eta zebrabidea ipintzea aurreikusi dute. Horrez gainera, Muelles Zalduaren ondoan biribilgunea egingo dute. Biribilguneagaz, Arangurengo urbanizaziorako sarbidea hobetu eta autobus geralekuak birkokatuko dira. Biribilgunearen eta San Andres espaloiaren artean lorategi gune txiki bat egongo da. Amaitzeko, San Andres etorbidean errepidea mendebalderantz mugitzea da asmoa.
Istripuekin kezkatuta
Zaldibarko Udalak azaldu duenez, azken urtean dozena erdi istripu eta gorabehera izan dira errepide horretan. "Azkenengoa asteburu honetan izan da, eta, kasuren batean, ondorio latzak izan ahal zituen. Arrisku faktoreetariko bat abiadura da, baina baita egungo trazadura bera ere, ia dena maldan da eta. Espaloia ez dago errepidetik behar den moduan babestuta. Areitiora igotzen diren ibilgailuak bertatik hurbil pasatzen dira eta arrisku nabarmena dago oinezkoentzat, baita auzotik irten eta auzora sartu gura duten ibilgailuentzat ere. Obrei eskerrak, N-634 errepidera segurtasun handiagoz sartu ahal izango dira", adierazi dute.