Zaldibarko Udalak gertakari arrazista eta xenofoboei aurre egiteko protokoloa aurkeztu du

Anboto 2023ko urt. 31a, 09:42

Azken bederatzi urteetako elkarlanaren emaitza da protokoloa. Zaldibarko Udalaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan onartu den gisako lehen protokoloa da. Aho batez onartu da urtarrileko osoko bilkuran. Protokoloagaz batera, Kultur Aniztasunean Bizikidetza Positiboa izateko Tokiko I. plana ere onartu zen. 

Zaldibarko Udalaren arabera, protokoloaren helburua gertaera arrazista edo xenofoborik gertatuz gero erantzun "egokia eta proportzionatua" eman ahal izatea da. "Oinarrizko printzipiotzat tratu-berdintasuna eta diskriminaziorik eza ditu, eta pertsonek berdin tratatuak izateko eskubidea dute, nazionalitateak, kulturak edo sinesmenak alde batera utzita", azaldu zuen udal gobernu taldeko José Carok. EH Bilduk bestalde, migrazio politiken eragina salatu zuen. "Migrazio-mugimendueak inperialismoak eta kapitalismoak jatorrizko herrialdeetan garatzen dituzten politika estraktibisten eragina dira", azaldu zuen Roberto Macho zinegotziak. "Politika horiek pertsonak pobretzen dituzte eta migratzera behartzen dituzte". 

Protokoloak eragile instituzional eta sozialak batzen ditu: Zaldibarko Udala, Biltzen, Eusko Jaurlaritzaren Biktimari Laguntzeko Zerbitzua, Eraberean sarea eta Zaldibarko Jendeak elkartea. "Jarduerek, batez ere gizarte-sentsibilizazioaren eta -salaketaren esparruan, gertakariaren larritasunarekiko proportzionaltasuna izan behar dute beti. Jarduketa eta erantzun indartsuenak egoera larrienei gorde behar zaizkie beti, eta ez dira agortu behar beste kasu batzuen aurrean. Protokoloa beti aktibatzen da Udalari gertakari baten berri ematen zaionean, baina proposatutako jarduera desberdina da kasu bakoitzean, ustezko biktimaren borondatearen, presaren eta gertaeren larritasunaren arabera", azaldu du udalak ohar baten bidez. 

Bizikidetza positiborako plana

2021ean Zaldibarren 3.027 lagun bizi zirela egiaztatu du Zaldibarko Udalak, eta horietatik 304 atzerriko herrialde batekoak zirela egiaztatu du; biztanleriaren %10 inguru. Zaldibarren bertan kulturen arteko bizikidetasunan modu positiboan lantzeko, Kultur Aniztasunean Bizikidetza Positiboa izateko Tokiko I. plana proposatu da. Honek hainbat ekintza jasotzen ditu, besteak beste, gazte migratuen errealitateei buruzko hitzaldiak, jazarpenaren aurkako ekintzak, edota Euskaraldian migratuen edo jatorri atzerritarreko pertsonen parte hartzea sustatzea. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!