Zaldibarko zabortegian gertaturiko hondamendia gogoratuko dute Eitzagan, otsailaren 5ean

Anboto 2023ko urt. 24a, 15:17

Hiru urte beteko dira Zaldibarko Eitzaga auzoko hondakindegian lur-jausia gertatu zenetik. 2020ko otsailaren 6an, Verter Recicling hondakindegiko lur-jausiaren ondorioz, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze beharginak lurperatuta geratu ziren.

Sei hilabeteko bilaketaren ondoren, abuztuan Sololuzeren gorpuzkiak agertu ziren; ez zuten Beltranen arrastorik aurkitu. Era berean, prozesu judiziala martxan ipini zen erantzukizunak argitzeko. Auzibide bi zabaldu zituzten Durangoko lehen instrukzioko epaitegian.

Otsailaren 5eko ekitaldia
Zaldibar Argituk Eitzaga auzoan deituriko ekitaldia 12:30ean hasiko da. Txalapartariek, dantzariek eta Lucio Alonso abeslariak parte hartuko dute. Luizian hildako beharginak gogora ekarriko dituztela azpimarratu dute plataformako kideek. "Gure mobilizazioak hiru ardatzetan oinarritzen dira hasieratik: langileak, osasuna eta erantzukizunak. Enpresaren erantzukizunak ez daude zalantzan, baina Eusko Jaurlaritzarenak argitzeko eskatzen jarraitzen dugu", azaldu du Gaizka Zabarte plataformako kideak. Ekitaldiak Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren babesa izango du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!