Gabonetako erosketa kanpainarako 7.500 euro bideratu ditu Zaldibarko Udalak

Anboto 2022ko abe. 15a, 12:32

"Zaldibarren bizi, Zaldibarren erosi" kanpaina berria jarri du martxan Zaldibarko Udalak. Hamabost saltokik egin dute bat kanpainarekin; udalak 10 euroko balioa duten bonoak banatu ditu 20 eurotik gorako erosketetan erabiltzeko (erosketa denda bakar batean izan beharko da, eta bonoak ezingo dira erabili janariak, edariak, elikagaiak eta tabakoa erosteko). 

Jose Luis Maiztegi alkateak herrian erosteak duen garrantzia azpimarratu du. "Saltoki txikiak herri bati bizia ematen dio. Gabonetako garaian sartzen ari gara, kontsumoa handitzen ari den garaian, eta zer hoberik, guregandik hurbil dagoen dendan eta merkataritzan kontsumitzea baino". Dendariek, bestalde, herritarrei eskerrak eman gura izan dizkiete erantzunagatik. "Kanpainak arrakasta handia du herritarren artean, horren erakusle da bonoak kanpainaren lehen egunetan agortzen direla. Internet bidezko erosketak, eta beste udalerri batzuetara erosketak egitera joatea tokiko merkataritzaren aurka doa, bertan tratua eta aholkularitza hurbilagokoa delako". 

Zaldibarko Udalak banaturiko bonoak agortu egin dira jada, eta abenduaren 1tik 2023ko urtarrilaren 9ra bitarteko erosketetan erabili ahalko dira. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!