Zaldibarko San Andres jaiak ospatuko dituzte asteburuan, Neguko azokagaz

Anboto 2022ko aza. 24a, 13:42
Artxiboko irudia.

Zaldibarko San Andres jaiei ekingo diete barikuan Zaldibarren. Pentsiodunek botako dute jaiei hasiera emateko txupina, 19:00etan, eta ondoren buruhandiak egongo dira.

Gero, “pintxo solidarioak” egongo dira Olazarren, DJ Josemarik gunea girotzen duen bitartean. Gaztetxean ere antolatu dituzte ekintzak jai hauetarako. Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela-eta egin diren deialdietan parte hartzeko deia egin dute. Horrez gainera, gauean kontzertuak egongo dira gaztetxean bertan: Piztu, Labana eta Ezta Ilen taldeek joko dute zuzenekoa.

Gaztetxeko kideek herri bazkaria antolatu dute zapaturako;14:30ean hasiko da eta bertara baserritar jantzita joateko deia egin dute. Iluntzean, musika jartzaileak egongo dira: DJ Paki eta DJ PARY & Tiza. Bestalde, udaletxe ondoan Nikaraguako dantza taldearen erakustaldia egongo da,18:00etan. Horren ondoren, Dantzatzeko prest! disko festa egongo da udaletxe alboan. 19:00etan, Benito Lertxundik kontzertua emango du Olazarren; Zaldibarko Koralaren 75. urteurrenaren ospakizunaren barruan antolatu dute ekitaldi hau. 

XXIII. azoka 
Domekan izango da jaien plater nagusia: neguko nekazari azoka. Aurtengoa XXIII. edizioa izango da. 11:00etan zabalduko ditu ateak; ordu horretan, Eingou taldeak kalejira egingo du. Ordu horretan hasiko da baita ere arku taldearen ate irekien jardunaldia, Olazarren. Aurtengo San Andres jaiak borobiltzeko, azaroaren 30ean meza eta jubilatuen bazkaria egingo dute; 18:00etan Olazar txapelketako partiduak jokatuko dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!