Azaroak 25

“Zaintza gizarte osoak hartu beharko luke bere gain. Emakumeak zaintzaile diren eredua oso injustua da”

Anboto 2022ko aza. 21a, 08:00

Emakumeak dira zaintza lanak egiten dituztenak. Mendekotasuna duten pertsonen kasuan, zaintzaileen profila oso zehatza da eta urteen joan-etorriagaz ez da aldatu. Gai honen inguruan, Esther Alonso Mankomunitateko Zaindu programaren arduradunak 'Generoa eta zaintza' berbaldia emango du azaroaren 24an, Zaldibarko liburutegi zaharrean.

“Urteak daramatzagu zerbitzu hau eskaintzen eta profila ez da aldatzen. Egoera hau azaleratzea oso garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Bestalde, zaintza lanak modu positibo batean baloratu gura ditugu”, azaldu du Alonsok. Ildo horretatik, zaintza lanak beharrezkoak dira gizartean, baina ezin da izan emakumeen gain dagoen ardura. Hausnarketa hori sustatzen ahaleginduko dira Zaldibarko solasaldian. Korrespontsabilitatea zaintzan, horixe da Mankomunitateko teknikariak azpimarratzen duena: “Zaintza gizarte osoak hartu beharko luke bere gain. Emakumeak zaintzaile diren eredua oso injustua da”. 

Zaindu programa mendekotasuna duten pertsonen zaintzaileei zuzenduta dago. "Denboraren erabilerari buruz ere berba egiten dugu. Oso garbi ikusten dugu oraindino gauzak ez direla asko aldatu. Etxeko lanei buruz ere bai, zaintza lanekin oso lotuta daude eta", gaineratu du. Pertsona bat zaintzea beragaz egotea baino askoz gehiago da. Bere ardura norberaren gain hartzea da, baita alde psikologikotik ere. Ildo horretatik, farmaziara joatea, medikuaren txandak antolatzea, gizarte zerbitzuekin hartu-emanetan egotea... hori ere zaintza da.

"Denboraren erabileraren inguruko estatistikek jasotzen dute zuzenean zenbat denbora gauden pertsona horregaz, baina zenbat denbora ematen dugu buruan ardura horregaz?", gehitu du Alonsok. 

Horrez gainera, Zaindu programa senide zaintzaileei zuzenduta dago. Hala ere, badago sentsibilizazio kanpaina bat zaintzailearen profila aldatzeko. Ikasleei kontatzen dieten istorio baten bitartez zaintzaren gaia lantzen dute genero ikuspuntutik. Formakuntzari dagokionez, zaintzaileei begira norbere burua zaintzeko tailerrak ematen dituzte batez ere. Sareak sortzen dituzte eta kasu horietan, besteak beste, emozioei eta autoestimuari buruz berba egiten dute. "Talde hauetan senide zaintzaileek aukera dute euren egoera kontatzeko, eta euren artean hartu-emanak sortzen dituzte. Euren egoera beste zaintzaile batzuei kontatzean ulertuak sentitzen dira eta emozio horiek lantzen ditugu", dio teknikariak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!