Zaldibarko gaztetxeko kideek gaztetxean lapurrak sartu direla salatu dute sare sozialetan. Instagram kontuan lapurrek eragindako kalteen argazkiak zintzilikatu dituzte. "Tableta, dirua, alkohola eta beste hainbat gauza" eraman dituzte bertatik. "Gaztetxean hainbat kide egoten gara lanean egunero honek aurrera jarrai dezan, eta gertaera hau eraso larritzat hartzen dugu. Zaldibarko gaztetxea herrira zabaldutako espazio bat da. Hortaz, denon ardura da gurea dena babestea", adierazi dute gaztetxeko kideek sare sozialetan. "Ozen esan gura dugu ez dugula gaztetxearen kontrako inolako erasorik onartuko", gaineratu dute.