"Zaldibarrera etorri nintzenean kotxe bakarra zegoen, Licorne hori eta beltza"

Aitziber Basauri 2022ko urr. 3a, 09:17

Zeleako etxaurrean beti dago baten bat, Loren Eguren Amianok (Elorrio, 1920) dioen moduan, eta hantxe egin dugu hitzordua beragaz. Elorrioko Torre baserrian jaiotako 10 neba-arrebetatik hirugarrena da Loren. Sei seme-alaba ditu, 14 iloba eta 20 birloba; azkena uztailean jaioa. Eta, hiru iloba kenduta, denak bizi dira Zaldibarren. 

Sintomarik barik pasatu zuen COVID-19a, ekainean, eta tentsiorako pilula baino ez du hartzen. Solasaldira batu diren Marian, Rosi eta Ana Mari alabek azaldu dutenez, etxeko ortuan aitzurragaz ibili da Loren 98 urte bete arte, eta ilea zuritu ez dadin ile-apaindegira joan da iaz arte. Orain, Marian alaba joaten zaio etxera apaintzera, barikuro. 

Zer behar da 102 urte egiteko?
Lan asko egitea, ur gutxi edatea eta legatzik ez jatea.  

Lan asko egitea tokatu zaizu.  
Bai, lan egin behar zen. 14 urtegaz umezain joan nintzen, Bergarara. Zortzi ume zaintzen nituen. Eta hori baino lehenago, Elorriora ere jaisten nintzen umezain, kalera. Bergarako ume haien seme-alabak bisitan etortzen dira oraindino, urtero. 

Gerora, fruitu landare haztegian lan egindakoa ere bazara, hainbat urtean. 
Bai, Bergaran bost urte egin nituen eta, gero, Zaldibarrera Zengotitanera etorri nintzen, neskame; hiru ahizpa etorri ginen. Bertan bizi ginen eta haien haztegian ere lan egiten nuen. Orduan ezagutu nuen senarra, Tomas. Zeleakoa zen eta hara ezkondu nintzen. Zelea baserrian ere fruta-landare haztegiak zituzten. Bada, ezkondu eta gero ere jardun izan dut. Denean lan egin dut; harategian txerria hiltzea ere tokatu zait. Hari eusten egoten nintzen.

Orain telebistan ikusten dugu gerra, baina zuk gerra bizi izan zenuen.
Bai. Elorriotik Aramaiora irin bila joaten ginen errotara, gauez. Orduan, kontrabandoa zen hori. Eta irin horregaz amak ogia egiten zuen etxean. Asto bat geneukan, txikia, beltza, eta haregaz joaten nintzen. Aita baserrian geratzen zen. Eta amak premia zutenen artean ere banatzen zuen ogia, isilean. Ate ondoan izten genuen ogia. Begien aurrean dut oraindino asto hura; errotara bidea ikasita zuen eta beste batzuei izten genien errotara joateko. Behin, milizianoak ere sartu ziren eta oiloak eraman zituzten oilotokitik. Amak atzetik jarraitu zien, oiloak hartzeko. Aita argina zen, Toledoko katedraleko atea egin zuen. Errosarioa errezatu barik ohera ezin zela joan zioen.

Egunero irakurtzen duzu egunkaria.
Egunkari osoari egiten diot begiratua, eta eskelak dira egia bakarra. Bazkaldu aurretik irakurtzen dut. Bazkaldu eta gero, siesta eta etxe inguruan pasiada egin eta gero, beste begiratu bat ematen diot. Eta afalostean albistegia ikusten dut telebistan. Athleticen partiduak eta pilota partiduak ikustea ere gustatzen zait. ANBOTO ere irakurtzen dut. 

Gaur egun korrika eta estresatuta bizi gara. Asko aldatu dira sasoiak. 
Jendea korrika dabil beti, inora ez ailegatzeko. Zaldibarrera etorri nintzenean kotxe bakarra zegoen, Licorne horia eta beltza. Zenbat kotxe dauden orain, ene!  Eta lanerako oraingo arropak izan bagenitu.... Eskuetan galtzerdi zaharrak ipinita lan egiten genuen Zengotitanean. Zelea aurrean garia zegoela ere gogoan dut. Auzolanean, lantzean behin baserri batean, garia jotzen zen orduan. Tresneria Zelean gordetzen zen.

Zaldibarko amama esaten dizute.
Bai, zer esango dute, ba! Zeleako agurea hemen (irribarrez).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!