Zaldibarko kirol jardueren zerbitzuaren esleipena zeresana ematen ari da

Anboto 2022ko ira. 22a, 19:36
Herritar taldeak kaleratu duen kartela.

Zaldibarko kirol jardueren zerbitzuaren lizitazioa eta esleipena zeresana ematen ari da kalean, sare sozialetan eta baita komunikabideetan ere. Zaldibarko Udalak maiatzean lizitazio publiko irekira atera zuen kirol jardueren zerbitzuaren kontratazioa, 2000. urteaz geroztik zerbitzu hori eskaintzen zuen pertsona kontratatu ordez. Udalak "legeak eskatzen duen jarduteko eran" baino ez duela jardun dio. 

Zaldibarko Udalak ohar bat kaleratu du gaur, eta bertan onartzen duenaren arabera, udala "kirol jardueren zerbitzua legez kanpo" egiten aritu da 2015a geroztik. "Kirol jardueren zerbitzua legez kanpo egin da indarrean dagoen araudiaren arabera, eta kontratu txikiak (15.000 eurotik beherako urteko kontratuak) bata bestearen atzetik. Horrek udalarentzat izan zitekeen arazoa zela eta zerbitzu kontratatu bat formalizatzea erabaki zen". Ondorioz, maiatzean zerbitzua lizitazio publiko irekira ateratzea erabaki zuen.

Sinadura bilketa

Erabakiagaz desadostasuna agertu du zaldibartar talde batek, eta sinadurak batu dituzte, besteak beste. "Lizitazio hau beste herri batzuetako ereduak eta zerbitzuak kopiatuz, egutegia egokituz eta baldintzak gehituz egin dela uste dugu, Zaldibarko gimnasia-dantza jarduera sakonean ezagutu gabe eta beste berezitasun batzuk alde batera utziz", kexatu dira. Hain zuzen ere, lizitazioagaz, langileak bete beharreko baldintzetako bat euskarazko B2 hizkuntza eskakizuna da, eta orain arteko langileak ez du hori betetzen. "Ermuko euskaltegian dabil ikasten eta trebatzen, denbora kontua baino ez da B2 perfila ateratzea", azaldu dute desadostasuna agertu duten bizilagunek.

2000. urtetik zerbitzu hori eskaintzen zuen pertsonaren kontratazioa "publizitaterik eta lehiarik gabe" egiten zen udalaren arabera. Horrez gainera, 2000tik 2014ra udalaren lokal bat doan erabiltzen aritu zen, udalaren arabera beti ere. "Udal gobernu taldeak ez du inor lanik barik utzi gura, eta legez eskatzen zaion bezala jardutera mugatu da, kontratu bat lizitatuz publizitatearekin, lehia askearekin eta guztiontzako aukera berdintasuna bermatuz", azaldu du udalak ohar berean. 

Prozesuaren azalpena

Bide batez, Zaldibarko Udalak "prozesua nola egin den" argitu gura izan du ohar berean, prentsan eta sare sozialetan egin diren iruzkinak argitu guran. Udalaren arabera, bi enpresa aurkeztu ziren lizitaziora. Baldintzak beteta, horietako bati esleitu zitzaion zerbitzu kontratua. Horren ostean, 2022ra arte zerbitzua eskaini duen pertsonak kontratazio plegua ez errekurritzea edota lizitaziora ez zela aurkeztu nabarmendu gura izan dute, baita ere. "Udal honen jokabidearen aurka egiten ari den kritika guztiak oinarri bakarra du: aplikatu beharreko araudia ez betetzea, pertsona jakin bati mesede egiteko".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!