Faben Ituarte eskualdeko ordezkari, eguenean hasiko den Olazar txapelketan

Anboto 2022ko ira. 21a, 12:33
Zaldibarko Olazar pilotalekuan eguen gauero izango dira jardunaldiak.

Zaldibarko Olazar pilota txapelketak afizionatu mailako pilotaririk onenetarikoak batzen ditu urtero eta aurtengo 35. aldia ez da salbuespena izango. Goi mailako hamasei bikote arituko dira binaka, eta beste hamasei pilotari lau t'erdiaren barruan. 

Irailaren 22tik aurrera, eguenero izango dira jardunaldiak, Gabon zahar eguneko final handira heldu arte. Honako hauek dira datorren egueneko partiduak: Aurrekoetxea-Kuairan eta Olaetxea-Apezetxea binaka, eta Okamika-Etxeita kaiolan. Egueneko jardunaldiak 21:30ean hasiko dira. 

Durangaldeak ordezkari bakarra izango du: Faben Ituarte atxondarra, lau t'erdian. Urriaren 6an estreinatuko da Zaldibarko txapelketan. Ituarte maila handian dabil, azkenaldian irabazitako txapelek eta lorturiko emaitzek erakusten dutenez. Ekainetik hona, Gasteizko eta Zaramagako pilota txapelketak irabazi ditu, besteak beste. Baina aurkariak ere ez dira nolanahikoak: Aristegi, Zubizarreta, Irribarria… denak goi mailakoak.

Binaka beste hainbeste gertatzen da. Hainbat dira txapela etxera eramateko hautagaiak, Mata-Irurita, Alberdi-Iztueta, Murua-Alduntzin… eta ez dago besteen gainetik gailentzen den bikote faboritorik. Txapelketak hiru hilabete iraungo du eta funtsezkoa izango da azken txanpara sasoian heltzea, baina ordura arte ez dago lo hartzerik, jardunaldi bakoitzeko galtzaileek etxerako bidea hartuko dute eta. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!