Zaldua-Arratia lagunartekoa, Zaldibarko klubaren historiako lehenengo partiduaren omenez

Anboto 2022ko ira. 9a, 19:30

Zaldua eta Arratia taldeek esangura berezia duen lagunartekoa jokatuko dute, zapatuan, 17:00etan, Solobarria futbol zelaian. Izan ere, Zalbibarko klubak talde honen kontra jokatu zuen bere historiako lehenengo norgehiagoka, 1973an. Laster, 50 urte beteko dira. Bihar kolore berdineko kamisetek hartuko dute futbol zelaia, berau jantzita daramatenak beste batzuk badira ere. Gaurkoek ordukoen omenez jokatuko dute.

Lehenengo talde hartako jokalariek protagonismo berezia izango dute, lagunartekoaren atarian orduko jokalariak eta Zaldua Kirol Elkartea sortu zutenak omenduko dituzte eta. Partiduaren ostean, ospakizunagaz jarraituko dute, baina futbol zelaian beharrean Zaldibarko Negugogor tabernan. Izan ere, Zaldua Kirol Elkarteak hantxe izan zuen bere lehenengo egoitza hasierako urteetan. Omenduei luntxa emango diete Negugogor tabernan. 

Klubaren ibilbidea
Zaldua Kirol Elkartea lau kirol adarrek osatzen dute gaur egun: futbolak, saskibaloiak, pilotak eta mendi taldeek, hain zuzen ere. Lehenengo, futbol kluba sortu zuten, 1973an. Handik gutxira, pilota eta mendi taldeak batu ziren proiektura. Ordura arte, koru elkartetik kudeatzen zituzten. Elkarteak 1978an hartu zuen gaur egungo itxura, saskibaloi taldea sortu zenean.

Ligarako prestaketa
Zapatuko futbol partidua Zalduaren azkenengo lagunartekoa izango da irailaren 18an aurtengo ligari ekin aurretik. Orain arte, prestakuntza bide onetik doala esan daiteke. Izan ere, jokaturiko hiru partiduak irabazi dituzte, Castro (5-2), Lemoa Harrobi (2-1) eta Urki (2-1) taldeen kontra. Bihar beste garaipen batek adore handia emango lieke jokalariei Gordexolaren kontrako estreinako partiduaren atarian. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!