“Jendeak dena etiketatu behar izaten du, baina guk ez diogu ezeri aterik itxi gura ”

Anboto 2022ko uzt. 17a, 10:20
Argazkia: Unai Urizar

Lagun artean, Aritz Aranburu 'Tarran', Ander San Martin eta Sergio Devesa musika egiteko gogoz batu ziren entsegu lokalean. Musika munduan urteetan aritutakoak dira eta proiektu honetan post punkaren hurbileko doinuak jorratzen dituzte, baina ez dizkiote ateak "ezeri" ixten; The Jam, Blitz, Peter and The Test Tube Babies eta Fugazi taldeen eragina dutela aipatu dute. Ezta Ilen hirukoteak joan den astean jo zuen debuteko kontzertua, etxean, Zaldibarren.

Zer da Ezta Ilen?
Aritz Aranburu: Erronkarierari buruzko olerki zaharretan irakurri genuen 'Ezta Ilen'; hiztunik ez duen hango euskaraz dago idatzita olerkia, eta Erronkariko euskarari buruz dio ez dela desagertuko. Eternitate horregaz lotu genuen guk ere, hor egongo dela betiko. Garai hartan, norbaitek sinesten zuen euskara ez zela desagertuko, eta sentimendu hori guk musikarekiko dugun sentimendura eraman genezakeela uste genuen. 
Ander San Martin: Hasieran, lagun taldean orain baino gehiago joaten ginen kontzertuetara, eta horregaz ere lotu daiteke. Batzuek estiloa aldatu dute, eta beste batzuek alde batera utzi dute musika. Guk, ostera, musikaren munduan jarraitzen dugula sentitzen dugu. 

Sergio Devesa: Antzerako musika entzuten dugu. Pare bat entsegu egin genuen, baina Worth Iten disko berria prestatzen genbiltzan eta proiektutik alboratu behar izan nuen; Jangitz Larrañaga sartu zen taldean, Vulk taldeko bateria-jotzailea. Baina hile batzuk geroago, alderantziz gertatu zen. Bera lanpetuago zebilen, eta ni libreago. Beraz, hirurok elkartu gara berriro. 

Lehendik ere ezagunak zarete. Hasieratik argi zenuten zein doinu jorratu?
A. A.: Taldea sortzea Anderri eta biori otu zitzaigun. Txikitatik lagunak gara, musikazaleak biak. Pandemia garaia zeozer egiten hasteko garai ona izan zitekeela pentsatu genuen eta ideiak partekatzen hasi ginen, baita soinu-pedalekin jolasten ere. Estilo aldetik ere antzerakoak ditugu. Besteak beste, punk eta oi britainiarra oso gustuko ditugu biok, denboragaz bakoitzak bere bidea egin duen arren. Beharbada, ni hardcoreari lotuago egon naiz, eta Ander rockari. Hala ere, gauza berriak probatzea lehenetsi dugu Ezta Ilenen. Jendeak dena etiketatu behar izaten du, baina guri probatzea gustatzen zaigu, ez diogu ezeri aterik itxi gura. 
A. S.M.: Entzuten genituen talde horiek hartu, eta doinu horiei estilo aldetik beste buelta bat ematea zen asmoa. Bestalde, konposatzerakoan, asko landu ditugu dinamikak, tempoak, soinu pedalak eta ahots melodiak. Asko gustatzen zaigu horiekin guztiekin jolastea, eta landu ditugula esango nuke. Musika asko entzuten dugu; batzuek eragin zuzena dute gugan, beste batzuek ez, baina horren guztiaren emaitza da egin duguna. 
D. V.: Taldea definitzea eskatzen digute askok. Bat esatearren, post punka izan daiteke gehien hurbiltzen zaiona, iluna delako, baina ez da erraza etiketa bakarra esatea.

Zelan joan zen Zaldibarko kontzertua?
A. S.M.: Hilabete lehenago galdetuz gero, ez nuke esango hain pozik irtengo genuenik. Oso pozik gaude.
A. A.: Ni 2019tik nengoen kontzerturik jo barik. Hasieran pentsatu genuen jaietan jotzea presaka ibiltzea izan zitekeela, baina orduan ez bazen beti aitzakiaren bat izango genuela pentsatu genuen. Beraz, aste pare batez azeleragailua sakatu genuen, ganoraz ailegatzeko. Jende gutxik zekien zein musika mota jotzen genuen, eta duda hori ere bagenuen, ea zein harrera egingo zigun jendeak. Baina lasai irten genuen oholtzara, pozik geundelako egindakoagaz. 
D. V.: Jendeak esan zigun oso gustura egon zela. Esango nuke beste gauza bat espero zutela askok, gu hirurok beste estilo batzuekin lotzen gaituztelako, baina harrera ona izan zen. Askok letrei buruz galdetu ziguten. 

Zeri buruz abesten duzue?
A. A.: Izenagaz zerikusia dute askok, ingurua zelan ikusten dugun eta abar. Gurean, musika ez da etxean play sakatzea bakarrik. Beste gauza bat da. Musikaren ingurukoek ere garrantzia dute guretzat, eta letretan ere islatu gura dugu hori.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!