“Logo moderno bat egin gura nuen eta tatuajeen estetika bat ematen ahalegindu naiz”

Joseba Derteano 2022ko uzt. 9a, 10:30

Iker Villanuevak Arte Ederrak ikasi du eta bere bizitzan hiru bider aurkeztu da diseinu lana eskatzen duten lehiaketetara. Euretariko bi irabazi egin ditu aurten: Zaldibarko kartel eta Zaldua Kirol Elkarteko logo lehiaketak. 2019ko kartel lehiaketan bigarren geratu zen. Arrakasta duela ikusita, lehiaketa gehiagotara aurkeztea pentsatzen dabil.

Diseinuaren eta sormenaren mundua gustatzen zaizu?
Bai, Arte Ederrak ikasketak egin ditut. Horrez gainera, tatuajeak asko gustatzen zaizkit eta mundu horretan gehiago sartu gura dut. Tatuaje batzuk egin ditut eta orain hobby bat da, baina horretan lan egin gura nuke. 

Itxaroten zenuen irabaztea?
Logo guztiekin erakusketa antolatu zuten astebururako, eta besteen lanak ikustera joan nintzen. Batzuk oso onak iruditu zitzaizkidan, baina nirea hiru edo lau onenen artean zegoela eta irabazteko aukera nuela pentsatu nuen.

Zaldia da logoko elementu nagusia. 
Bai. Hasieran ez nekien zer egin, ez zelako kirol bakar baten ingurukoa. Zaldua Kirol Elkartea lau kirolek osatzen dute: futbolak, pilotak, saskibaloiak eta mendiak. Zalduako armarrietan beti agertu izan da zaldia eta dena bateratzen duen elementua izan daiteekela pentsatu nuen. Diseinuari dagokionez, logo moderno bat egin gura nuen eta tatuajeen estetika bat ematen ahalegindu naiz. AEBetako saskibaloi eta futbol amerikarreko taldeetako logoak hartu ditut erreferentzia modura. Haietan ere animaliak agertzen dira eta estetika modernoa dute. Koloreei dagokienez, garbi nuen berde kolorekoa izan behar zela. Hainbat berde tonu ageri da logoan.

Horrelako lehiaketetara aurkeztu zaren lehenengo aldia da? 
Ez. Aurten Zaldibarko kartel lehiaketa ere irabazi dut eta 2019koan bigarren geratu nintzen. Orain arte, Zaldibarko lehiaketetara baino ez naiz aurkeztu, baina, emaitzak ikusita, gehiagotara aurkeztea pentsatzen nabil. 

Baduzu hartu-emanik Zalduagaz? Elkarteko kirolen batean ibilitakoa zara?
Bai, pilotan eta futbolean ibilitakoa naiz gazteagotan. Pilotan hamasei bat urtera arte ibili nintzen, eta futbolean pare bat urte gehiago, gazte mailako bigarren urtera arte. Zaldua Kirol Elkartea txikitatik ezagutzen dut. Gainera, Zaldibar herri txikia da eta herri txiki bateko elkarteak beti sentitzen dituzu zeure, gertukoak direlako

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!