Zaldibarko areto-futbol maratoiak 30. aldia beteko du, asteburu honetan, 16 bat talde batuta kiroldegian

Joseba Derteano 2022ko uzt. 1a, 13:30

Zaldibarko futbito maratoiak 30. aldia beteko du asteburu honetan. 90eko hamarkadan Bizkaiko herri askotan loratu ziren txapelketak desagertzen joan dira apurka, baina Zaldibarkoak bere estatusari eutsi dio eta Bizkaian erreferente izaten jarraitzen du.

Pandemia aurretik hamasei bat talde batzen ziren urtero Zaldibarko kiroldegian, eta aurten kopuru horri eustea itxaroten dute. "Hainbeste urte joan eta horrelako ekimen bati martxan eustea pozgarria da guretzat. Giro polita sortzea eta denak ondo irtetea espero dugu", adierazi du Zaldua Kirol Elkarteko presidentea den Arkaitz Padillak.

Gaur eta bihar kanporaketak jokatuko dituzte. Domeka goizean finalerdiak izango dira eta irabazlea arratsaldean erabakiko da, 18:00etan hasiko den finalean. Aurretik, hirugarren eta laugarren posturako partidua jokatuko dute.

Denboran eusten
90eko hamarkadan sortu zen futbito maratoia, Zaldibarko lagun kuadrilla bati eskerrak. Bi-hiru edizio antolatu eta gero, Zaldua Kirol Elkarteak hartu zuen erreleboa. Lehenengo urte horiek zoramena izan ziren, mota honetako maratoiak modan zeuden eta. "Boom itzela egon zen. Gogoan dut, behin, kanporaketa aurrekoak antolatu behar izan zirela izena emandako denei tokia egiteko. Gero, 32 taldera mugatu zen parte hartzea", dio Padillak. Orduan, maratoi gehiago ere bazegoen eskualdean. Esaterako, Zaldibarkoaren aurretik, Berrizen ere antolatzen zuen bat guraso elkarteak, eta oraintsura arte martxan egon da. Sasoi batean, Gabon inguruan, Durangon ere antolatzen zen bat, Ezkurdiko pilotalekuan.

Gerora, hasierako boom hori apaltzen joan da apurka. Bizkaiko maratoi batzuk bertan behera ere geratu dira, baina Zaldibarkoak erakargarria izaten jarraitzen du talde askorentzat. Urtero 15 taldetik gora batu izan ditu; herrikoak eta Bizkaikoak izaten dira gehienak, eta inoiz Valladolid inguruko talderen bat ere etorri da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!