Jaietan, Zaldibarko Koralaren urteurreneko hainbat ekintzaz gozatu ahal izango da

Joseba Derteano 2022ko eka. 29a, 13:46

Zaldibarko Koralak 75 urte bete zituen orain urte bi, 2020an. Urteurrena ospatzeko egitaraua prest zutenean, pandemiak asmo guztia zapuztu zien. Orain, egoera hobetu denez, ideia berrartu eta hainbat ekimen prestatu dute urtean zehar egiteko. Euretariko batzuek herriko jaietako egunekin kointziditzen dute eta ekimenen bat sasoi honetara aurreratu beharra ere izan dute, aurrerago beste konpromiso batzuk dituztelako. Batera zein bestera, Zaldibarko Koralaren urteurreneko hainbat ekimenek jaietako egitaraua aberastuko dute.

Argazki erakusketa
Uztailaren 2rako eta 3rako, goizerako zein arratsalderako, argazki erakusketa bat antolatu dute. Udaletxeko plazan egingo dute. Ilargi argazki taldearen laguntza izan dute ekimena prestatzeko. Zurezko egitura batean, bost panel handitan, atzoko eta gaurko argazkiak ipiniko dituzte, koloretakoak zein zuri-beltzekoak. "Jendeak bere etxekoak, bere lagunak, auzokoak... ikusiko ditu argazkietan. Denerik dago", adierazi du Antton Burgoa Zaldibarko Koraleko kideak. Koraleko ordezkariak ere hantxe egongo dira, gura duenari argazkiei buruzko azalpenak ematen edo dudak argitzen. 

Kontzertua
Urteurrenari begira antolatu eta jaietan gozatu ahalko den beste ekimen bat uztailaren 2ko kontzertua da. Koralak berak emango du, arratsaldean, Zaldibarko elizan. Ildo anitzeko bederatzi-hamar kanta abestuko dituzte: euskarazkoak, erlijiosoak, gospel amerikar estilokoak… Sarritan erabili izan duten abesti zerrenda da. Lau-bost urte dira herrian hain programa luzeko kontzerturik egin ez dutena, eta hori ere berezitasunetariko bat da. Saio laburrak egin izan dituzte, mezatan edo meza ostean, noizerik noizera, baina oraingoan, aspaldiko partez, ordubeteko kontzertua emango dute Zaldibarren.

Araiako bandaren saioa     
Uztailaren 9an, Araiako bandak kalejiran irtengo du goizean, eta eguerdian kontzertua emango du, Zaldua plazan. Araiako bandak Zaldibarko Koraleko urteurrenean parte hartzeak badu bere zergaitia, eta Burgoak eman du horren erantzuna: "Urteetako hartu-emana dugu Araiako abesbatzagaz eta bandagaz. Birritan egonda gaude han, eurak ere aurretik Zaldibarren egonda daude, Otxandioko emanaldi batean ere elkarregaz ibili ginen… Gertukoak dira". Kontzertua 13:00etan hasiko da. "Plaza hori aukeratu dugu toki trankil samarra delako kontzertua ikusteko", zehaztu du Burgoak. 

Umeen gonbidatuak
Zaldibarko Koralaren urteurrena jaietatik kanpora antolaturiko beste hainbat ekimenek ere osatuko dute. Euretariko bat eguazten honetan izan da, hilak 22. Zaldibarko koralekoek abesti pare bat kantatu zuten musika eskolako umeen emanaldiaren aurretik. 

Jende berriak atea zabalik
1945etik hona, koralekoek makina bat ekintza antolatu eta kontzertu eman dute. Abesbatza gaur egun zelan dagoen galdetuta, Bizkaiko koru askok eta Gipuzkoako geroago eta gehiagok duten arazoa nabarmendu du Burgoak: jendea falta da. Egun, 20 bat kidek osatzen dute korua. Beste era bateko musika kontsumitzen den sasoian, "geroago eta gatxagoa" ei da gazteak erakartzea. Gura duenarentzat "atea zabalik" dutela adierazi du Burgoak eta pozik hartuko dituztela: "Bai horixe. Gu desiatzen gaude". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!