Felix Delgado garaile Zaldibarko lehenengo goitibehera jaitsieran

Anboto 2022ko eka. 21a, 12:24
Jaitsierako irudi bat. Delfin Zubizarreta

Goitibeherazaletasuna berreskuratzeko asmoagaz jaio zen Aldatsa elkartea. Ekaineko bigarren asteburuan, Zaldibarko I. Goitibehera jaitsiera egin zuten eta elkarteko kideak pozik agertu dira probak izandako harreragaz. Dozenaka herritarrek girotu zuten lasterketa, eta parte hartzaileak ere gustura aritu ziren jaitsierak giro betean egiten.

Felix Delgado trapagarandarrak irabazi zuen jaitsiera, errekorra ezarrita. Delgadok oso goian utzi zuen langa hurrengo aldietarako, izan ere, 55 segundoan jaitsi zen. "Jaitsierak badu berea, abiadura, bihurgune teknikoak, malda...", azaldu zuen txapeldunak. 40 bat lagunek parte hartu zuten jaitsieran, modalitate desberdinetan. Antolatzaileen lana goraipatzeko berbak ere eduki ditu irabazleak: "Oso giro polita egon zen eta segurtasun aldetik ere sekulako lana egin zuten antolatzaileek". 

Aurten sortu dute Aldatsa elkartea, baina iaz Goierri auzoko jaietan ere antolatu zuten goitibehera jaitsiera; hamalau urteren ostean berreskuratu zuten proba. Pandemiaren eraginez bertan behera geratu diren probak berriro egiteari ekin diote Euskal Herriko beste hainbat herritan ere. Horrela, asteburu honetan, jaitsierak egingo dituzte Mutrikun (Gipuzkoa) eta Belauntzan (Gipuzkoa). Delgadok bietan parte hartuko du, baina ez dira udan egingo dituen jaitsiera bakarrak izango. Uztail hasieran, Zeanurin (Bizkaia) eta Diman (Bizkaia) egingo diren probetan ere lehiatuko da, gero Galizian jokatuko den Espainiako txapelketarako prestatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!