Dare, hardcore doinuak AEBetatik Zaldibarrera

Anboto 2022ko eka. 16a, 15:00

Hardcore doinuen zaleentzat beste gaualdi bat antolatu dute Zaldibarko gaztetxean; Gari Rock elkarteagaz batera antolatu dituzte kontzertuak. AEBetako Orange Countytik (Kalifornia) datorren hardcore laukotea da Dare.

Hogeita bost eguneko bira antolatu dute Europan, ekain eta uztailerako; Alemania, Austria, Frantzia, Herrialde Katalanak, Espainia, Erresuma Batua, Danimarka, Hungaria, Txekiako Errepublika, eta Herbehereak zapalduko dituzte, besteak beste, eta tartean Zaldibarko gaztetxea bisitatuko dute. Against all odds diskoa aurkezteko biran murgildurik dago laukotea eta dozenaka kontzertu eman dituzte aurten AEBetan. Etxeko Unfix taldeagaz batera joko du Darek. Unfix Worth It talde berriztarreko kideetariko batzuek osatzen dute, besteak beste, eta hardcore bizkorra da eurena. Norkzer?! talde gipuzkoarrak zabalduko du gaua; Orreaga 778, Dictadura eta Brutal Calling taldeetako kideek osatzen dute boskote hau. 20:30ean hasiko dira kontzertuak eta sarrera sei euroan erosi ahalko da, momentuan bertan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!