“Mendiko buzoiak egitea lagun artean sorturiko kontua izan da beti"

Aitziber Basauri 2022ko eka. 4a, 10:20

Mendiagaz lotura estua izan du beti Josu Maortuak. Zaldibarko mendi taldean urteak egin ondoren, Durangoko Alpino Tabira elkarteko presidentea izan zen 1985etik 1988ra, eta hurrengo lau urteetan zuzendaritzako kide. Bizkaiko Mendi Federazioan ere jardun zuen, sei urtez, mendi ibilbideen arduradun. Sarrimendin ipinitako txistulariaren eskultura egin zuen 1990ean, Alejandro Aldekoa txistulari berriztarra gogoratu eta eskola kirola omentzeko. 

Zein da Sarrimendiko txistulariaren atzean dagoen istorioa? 
Bizkaiko Mendi Federazioko kidea nintzen orduan, eta mendiagaz lotuta, eskola kirola eramaten zuen lagun batek proposatuta egin nuen. Bizkaiko ikastetxeetako eskolaumeekin mendi ibilbide bat egitekoa zen Berriztik, eta galdetu zidan ea egingo nuen buzoia Sarrimendin ipintzeko. Berrizegaz lotura izango zuen irudia sortu gura nuen eta Alejandro Aldekoa txistularia gogoratu nuen. 

Asteburuan erreplika bat ipini dute.
Bai, beste eskultura bat egiteko deitu zidaten, baina orain ez dut baliabiderik, gatx daukat. Esan behar dut hasita nengoela buzoi berria egiteko bozetoagaz, baina erreplikagaz hasi zirela esateko deitu zidaten.

Beste buzoi batzuk ere egin dituzu. 
Bai. Zaldibar eta Elorrio artean dagoen Erdellako buzoia ere egin nuen, piolet bat. Gorbeia aldeko Arralde mendirako baserri bat egin nuen, eta Zengotitagainerako (Mallabia) kanpin-denda dat. Zaldibarren egon zen garai bat egin nuen Santamañezarren ipintzeko, Bizkaiko Aldundiaren museo etnografikoan dago maketa. Bermeoko tontor batean dago azkena: traineru bat. Hori eta Zengotitagainekoa ez daude ja.

Eskulanetan abila izan zara. Zelan hasi zinen buzoiak egiten?
Ez dakit, ba, nik! Mendiagaz loturiko makina bat lan egin dut, eta buzoiak egitea lagun artean sorturiko kontua izan da beti. Maisu industriala izan naiz, eta tailan ibilia. Makina bat baserriren izenak tailatu ditut. 

Buzoiek badute funtzio bat, ez?
Ohitura galdu da, baina garai batean mendizaleek mendi taldearen txartel bat uzten zuten, eta hurrengo zihoanak txartela zegokion mendi taldera bidaltzen zuen. Lehiaketak eta sariak egoten ziren. Buzoia zein tontorretan eta zein altueran zauden jakiteko modua da.

Bizkaiko Mendi Federazioaren mendi ibilbideak seinalatzeaz arduratu zara.
Bai. Bizkaiko Bira izan zen egin nuen lehenengo lana (500 kilometro inguru). Anboto, Urdaibai eta Karrantza inguruetan ibili nintzen besteak beste, eta Markinako eta Gernikako hainbat ibilbide ere margotu nuen. Kartelak egin, ibilbidea aztertu, bidea margotu... ordu asko ematen genuen. Gero, liburu batean jasotzen zen dena. Lan polita da, baina ardura handikoa. Bizpahiru lagun joaten ginen, margo pote banagaz; hartu-eman politak sortzen ziren.

Zer eman dizu mendiak?
Euskal Herria ezagutzeko aukera.

Mendi bat?
Oltzako zelaia, Belagua edo Degurixa. Durangaldean Urkiola oso polita da. Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako tontor guztiak igo ditut. Nafarroan eta Iparraldean batzuk falta ditut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!