“Matematika entzuteak beldurra eragin dezake, baina, funtsean, matematika ardatz duen eleberri bat da”

Aritz Maldonado 2022ko mai. 23a, 09:00

Gaizka Zabarte zaldibartarrak eta Ane Oliverosek Apostolos Doxiadisen ‘Osaba Petros eta Goldbachen aierua’ bestsellerra euskaratu dute. Petros Papachristos matematikariaren eta haren ilobaren arteko hartu-emana da istorioaren zutabeetariko bat. Bestea, “ezinbestekoa”, matematika. Zenbakien Teoria, eliteko matematikarien arteko lehia eta XX. mendeko Europa dira 40 hizkuntza baino gehiagotara itzuli den eleberriaren beste osagaietariko batzuk.

 

Nolatan euskaratu duzue eleberria?
Gaizka Zabarte: Horren bila joan barik, liburu-denda batean topatu nuen; erosi, irakurri eta atentzioa deitu zidan, eta Aneri pasatu nion. Ane matematikaria da, eta esan zidan: "Hau itzuli egin behar da'"
Ane Oliveros: 2018 bueltan izan zen hau. Zientziak, orokorrean, geroago eta dibulgazio gehiago du, eta horixe da, hain zuzen ere, zientziaren zailtasunetariko bat, jende arruntarengana hurbiltzea. Matematikak ia ez du lekurik literaturan, eta are gutxiago euskaraz. Horixe gura genuen; hau itzuliz gero, euskarak dibulgazio gehiago luke, eta, gainera, hobe nobela izanda.
G. Z.: Eleberri bat da hau, baina istorioaren ardatza matematikak dira. Zenbakien teoria, hain zuzen ere. Horrek hizkuntza aldetik ere berme bat eskatzen du, horregaitik jo genuen Iralerengana [Hezkuntza Sailaren programa bat da]. Gainera, matematikak esanda, jende batek atzera egin dezake, gaiak beldurtu lezake.

Matematikazaleentzako liburu bat da?
G. Z.: Beste ikuspuntu batetik begiratu behar da. Gazte bat da eleberriko protagonista. Osaba misteriotsu samar bat duela deskubritzen du, eliteko matematikaria izandakoa; bizi osoa Goldbachen aierua frogatu guran ibili da osaba. XX. mendeko beste matematikari garrantzitsu batzuk ere agertzen dira, eta zenbakiek beren pisua duten arren nobela bat da, iloba-osaben arteko hartu-emana ardatz duena.
A. O.: Arrakasta izan badu, ez da matematikaren tratadu bat izan delako. Baina matematikaren teorema garrantzitsu batzuk agertzen dira, eta hori matematikari baten ikuspuntutik ederra da. Baina ez da bakarrik guretzat.

Matematikariak islatuak agertu gaitezke, baina bestelako irakurleentzat ere erakargarria izan daiteke; iloba-osaben arteko tirabirak, ikerkuntza eta bakardadea dira istorioko gaietariko batzuk. 

G. Z.: Zenbakiek beti sortu dute lilura bat, baita zientziazaleak ez diren inguruetan ere, eta liburuan ere ageri da lilura hori. Papakristos osaba oso urrun heltzen da dedikazio horretan, itsutzeraino. Eta, testuinguruan, hogeigarren mendeko oso gertaera garrantzitsuak daude, izan ere, protagonista Greziatik Munichera (Alemania), Austriara eta Cambridgera doa; garai hartako Europaren lekukotza bat da, Bigarren Mundu Gerra aurrekoak, ostekoak eta Greziako diktadura bera ere bizi dituzte protagonistek.

Nik ez dut preparaziorik matematiketarako, baina interesa sortzen didate. Eta honek erakusten du ez dela behar ezelako mailarik liburu hau irakurtzeko. Hori bai, matematikari buruz ikasteko arriskua du liburu honek (barrez).

A. O.: Matematikak ez dira zerbait homogeneoa, espezialitate asko dago, eta zenbakien teoria da horietariko bat. Hortik jotzen du liburuak. Teorialari batzuk agertzen dira eleberrian, eta horien lan tresna zenbaki lehenak dira. Zenbaki lehenak oso erabiliak dira, adibidez, mezuak enkriptatzeko, eta hori oso baliagarria da, gerretan adibidez. Pentsa gaur egun zelako eragina duten, adibidez.  

Zein izan da erronkarik handiena?
G. Z.: Itzulpengintza zelako mundu konplexua den konturatu gara. Erabaki behar da berba bat kendu edo ipini, esamolde bakoitza... Testuari fidela izan behar zaio, baina euskarara ere ondo ekarri behar da, eta jendearengana ere heldu egin behar da. Gogotsu eta denbora mugarik barik hartu genuen lana. Kasu honetan, gainera, matematikarik ez jakitea ere oztopo handia litzateke [itzulpenerako]. 
A. O.: Erraz irakurtzen dela esan digute, baita euskara aldetik ere. Gaztelaniazkoa, frantsesezkoa eta ingelesezkoa aztertu ditugu lehenengo, eta ostean egin dugu euskarazkoa. Oso lan konplexua da, baina ederra. Kontuan hartu behar duzu ez bakarrik idazleak zer esan gura izan duen; hizkuntza batetik bestera egiterakoan, egitura bera aldatu egiten da. Niri asko gustatu zait. Are gehiago matematikaria izanda, buruketa bat ebatzi behar duzunean bezala, esango nuke itzulpegintzak ere baduela hortik zerbait. 

Denonarteanegaz argitaratu duzue.
G. Z.: Iralen baldintzetariko bat liburua publikatzea zen, zeregin hori gero gure esku geratzen zen arren. Gure kabuz topatu genuen Denonartean, eta oso pozik gaude. 
A. O.: Unai Pascual izan zen editorea. Telefono dei bat baino ez genuen egin behar izan; berak ere matematikarekiko lilura agertu zuen. Argitaletxe txikia izan arren, oso ausarta iruditu zitzaigun, eta merkatu txiki bat izango duelakoan gaude. Horrez gainera, gustatuko litzaiguke irakurle taldeetan, institutu edo unibertsitateetan aurkezpenak egin ahal izatea. Uste dugu interesgarria litzatekeela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!